Artea
Erakusketa
Bi gazteren indarra, bat eginda 'Kilkerraren gilotina' erakusketan
Augusto Aliseda eta Mikel del Rio gazteen lana izango da ikusgai Batzar Nagusien erakusketa-aretoan abenduaren 13ra arte.
Hilabetez, bi artista gazteren lana ikusteko aukera izango da Bilbon. "Kilkerraren Gilotina" izenburupean, Augusto Aliseda eta Mikel del Rio gazteen lana izango da ikusgai Batzar Nagusien erakusketa-aretoan. Ekimena EHUren eta Bizkaiko Batzar Nagusien arteko kolaborazioa da.
"Kilkerraren gilotina" izenburupean, bi artista gazteek euren indarrak batu dituzte. Badajozen jaiotako Augusto Alisedak Euskal Herriko Unibertsitatearen eskaintza izan zuen lana aurkezteko eta Mikel del Rio arrasatearraren lan bat ikusi zuenean, erakusketan parte hartzea eskaini zion.
"Asko gustatu zitzaidan grapailu bat eta gizon baten larrua baitu eskuetan. Riveraren errekreazio bat da, bihotza utziko balu bezala", esan du. Horri erantzunez, artistaren sufrimendua sortu zuen Alisedak eta horrela joan ziren erakusketa osatzen.
Gazteen kezkak eta mundua dago ikusgai. Esaterako, Van Goghen patata jaleak, kobre lapurrak bilakatu ditu Del Riok. Gazteek ekintza ilegalak egitera behartuta baleude bezala, krisi garai honetan.
Bai Alisedak eta bai Del Riok ere, senideei omenaldia egin diete: Alisedak neba margotu du, Del Riok aita.
Errealismoz baina poesiaz kargaturiko erakusketa, Batzar Nagusien erakusketa aretoan izango da abenduaren 13ra arte.