Itxi

Artea

Erakusketa

Urtarrilaren 19a arte luzatu dute 'Guerrilla Girls' erakusketa

"Ikusleen artean izandako arrakastaren ondorioz" erabaki dute erakusketa luzatzea, AlhondigaBilbaoko antolatzaileek jakinarazi dutenez.

1:43

AlhondigaBilbao zentroak urtarrilaren 19a arte luzatu du "Guerrilla Girls 1985-2013" erakusketa ikusteko aukera, hasieran urtarrilaren 6an amaitu behar zen arren, ikusleen artean izandako arrakastaren ondorioz.

Lehenengo aldiz, "Guerrilla Girls 1985-2013" erakusketak kolektibo artistiko feminista estatubatuar horrek 1985ean sortu zenetik gaur egunera arte egindako kartel eta proiektu guztiak biltzen ditu. Kartelak sekuentzia kronologikoan daude antolatuta, eta zenbait dokumenturen ondoan jarri dira ikusgai. Modu horretan, kolektiboaren historiari eta ekoizpen prozesuei buruzko informazioa ematen duen "testuingurua" sortzen da.

Kolektiboaren argitalpen, kamiseta, gutun, ekintzen eta erakusketen dokumentazio, oroigarri eta prentsako artikuluekin batera, Amy Harrisonek 1992an egin zuen "Guerrillas in Our Midst" dokumentala ere ikus daiteke, bai eta erakusketaren komisarioak atzera begirako honetarako beren-beregi egin dien Interview 2013 bideo-elkarrizketa ere.

Horrez gain, erakusketaren azken asteetarako, AlhondigaBilbaok Guerrilla Girls elkartearen lana osatuko dituzten hainbat bisita gidatu antolatu ditu, eta horrela, urtarrilaren 19a arte, jende guztiarentzat, ikasleentzat eta erakusketaren gaiaz interesa dutenentzat, doakoa bisita gidatuak egiteko aukera izango da.

Jende guztiarentzat zuzendutako bisitetan, ostegun, ostiral eta larunbatetan, pertsona bat taldearekin batera joango da erakusketa aretoko ibilbidean, eta beharrezko gakoak eskainiko ditu erakusketaren esanahia harrapatzeko eta ibilbidean sor daitezkeen zalantzei erantzuna aurkitzeko. Bisita gidatuaren ostean, bisitariek denbora nahikoa izango dute erakusketa ikusteko eta aldez aurreko azalpenean adierazitako objektu edo ataletan gelditzeko.

Gazteei (12-18 urte) zuzendutako bisitak asteartetik ostiralera egingo dira, eta bisita hitzartzeko mezu elektronikoa bidali behar da atencionalpublico@alhondigabilbao.com helbidera. Soilik ikasleen trebakuntzarako prestatutako bisitak izango dira, eta hezitzaile bat beraiekin joango da erakusketako ibilbidean, gaia modu didaktikoan azalduz. Erakusketaren gaiari buruzko elkarrizketa eta hausnarketa partekatua sustatuko dira, eta ikasleek azalduko dute gai hori nola bizi duten euren inguruan.

Halaber, bisita azalduak igandeetan izango dira eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Bisita espezializatu hauetan, feminismoaren eta artearen elementu artistiko, historiko eta kulturalen arteko harremanean sakonduko da. Ibilbidean, erakusketaren oinarrizko kontzeptuak eta kontzepturik esanguratsuenak aztertuko dira, eta horiek erabat ulertu eta aztertzeko behar diren datuak eskainiko, dinamika parte hartzailearen bitartez.