Itxi

Artea

Artea eta krisia

Bilboko Arte Ederren Museoan % 35 jaitsi da bisitarien kopurua 2013an

Erredakzioa

192.394 pertsona joan ziren iaz Bilboko Arte Ederren Museora, 2012an baino % 35 gutxiago. Orduan, 295.655 pertsona bertaratu ziren eraikinera, 1908an eraiki zenetik, inoiz baino gehiago.

1:43

Bilboko Arte Ederren Museoak bisitari gutxiago hartu ditu 2013an, baina, horrela ere, joan berri den urtea historiako urte onenetan bosgarrena izan da ikusle kopuruari dagokionez. 2002 eta 2007 artean, batez beste 147.000 bisitari izan zituen museoak, eta 2008tik 2012ra, batez beste, 228.000 bisitari izan ziren urtean.

Museoko arduradunek argitu dutenez, bi arrazoi daude jaitsiera azaltzeko. Batetik, aurreko urteetako emaitza onak daude: 2011 eta 2012 museoak inoiz izan dituen urterik arrakastatsuenak izan ziren, Fernando Boteroren eta Antonio Lopezen erakusketei esker. Bigarren arrazoia museo guztiak itolarrian jarri dituen krisi ekonomikoa da: bisitarien kopurua % 15-20 jaitsi da museoetan.

2013an gorakada bat izan da, nolanahi den; izan ere, Bilboko museoan sartzearren ordaindu ez dutenen kopurua igo da. Gehienak, bertokoak batik bat, asteazkenetan joaten dira, egun horietan doakoa izaten baita sarrera, eta langabeek eta 12 urtetik beherakoek ere ez dute ordaintzen.

Aurten berriz gora etortzeko, bi erakusketa prestatu dituzte museoko arduradunek: hiperrerrealismoari buruzko atzerabegirako bat, besteak beste Richar Estes eta Chuck Close amerikarren lana ekarriko duena, eta Markus Lüpertz pintore alemaniar neoespresionistaren erakusketa antologiko bat.

2014ko eskaintza osatzeko, museoaren funtsetako artelan japoniarrak erakutsiko dituzte, baita Mikel Diaz Alaba pintore bizkaitar garaikidearen lana ere.