Itxi

Artea

Saria

Gasteizko eskultore batek lehiaketa bat irabazi du Kanadan

Casto Solanok 'The life protector' formatu handiko eskultura sortuko du Vancouverren. Nazioarteko hainbat artistaren artean aukeratu dute.

  • Casto Solanoren eskultura Ondarroan. Argazkia: castosolano.com

    Casto Solanoren eskultura Ondarroan. Argazkia: castosolano.com

Casto Solano artista gasteiztarrak Vancouverreko Arte Publikoaren Nazioarteko Lehiaketa irabazi du, eta formatu handiko eskultura bat sortuko du Kanadako hirian.

Bilboko Guggenheim museoaren kanpoaldean dagoen "Ohoragarrien atea" eskulturaren egilea da Solano, eta baita Burgosko Giza Eboluzioaren museoaren aurrean dagoen "Giza Eboluzioaren Bidea" lanarena ere. Nazioarteko hainbat artistaren artean aukeratu dute lehiaketan, artistak jakinarazi duenez.

"The life protector" du izena aukeratu duten lana, eta Edgemont Boulevarden jarriko dute, Vancouverreko iparraldeko auzo batean, 2014 amaieran.

Bi fasetan egin zuten lehiaketa, eta arkitekturako eta arte publikoko hainbat adituk osatu dute epaimahaia, arte munduko hainbat profesionalekin. Solanoren esperientzia zabala eta nazioarteko trebakuntza goraipatu dute.

Casto Solanoren ideia "The life protector" eskultura Vancouverreko historia eta tradizioarekin lotzea da eta "eskultura beroa eta atsegina" izatea.

Horretarako, egileak zutoinak eta plataformak kendu ditu lana oinezkoei hurbiltzeko.

Gainera, 56 urteko eskultorearen lanak nazioarte mailako hiru lehiaketa publikotan aukeratu dituzte azkenaldian.

Casto Solano Olaztin (Nafarroa) jaio zen eta arte publikoan egin du lan. Besteak beste, Bilbon, Santa Claran (Kuban), Parisen, Gasteizen, Ondarroan eta Burgosen daude horren lanak ikusgai.