Itxi

Artea

Salerosketa polemikoa

Christie's etxeak ekainean egingo du Miroren 85 lanen enkantea

Erredakzioa

Artista katalanaren lanon jabea Portugalgo herria da, eta duela aste batzuk bertan behera gelditu zen salerosketa, auzibidean jarri baitzuten.

  • 'Emakumeak eta txoriak' lana sorta horren barruan dago. Argazkia: Efe.

    'Emakumeak eta txoriak' lana sorta horren barruan dago. Argazkia: Efe.

Portugalgo herriarenak diren Joan Miro katalanaren 85 lan enkantean jarri nahi ditu herrialde horretako Gobernuak, eta salerosketa hori bertan behera gelditu zen hilaren 5ean. Nolanahi ere, Chistie's enkante etxeak iragarri duenez, ekainean izango da azkenik, baina ez dute informazio gehiagorik eman.

Otsailaren 5ean, Portugalgo herritarren ondare diren lan hauen enkantean bertan behera gelditu zen, Christie's-en arabera prozesua ez baitzegoen erabat argi lege ikuspegitik begiratuta; izan ere, Portugalgo Fiskaltzak operazioa gelditzeko eskatu zuen birritan.

Egun, Lisboako Administrazio Auzitegia Fiskaltzaren bigarren errekurtsoa aztertzen dihardu, lehen ebazpenean lanon salerosketa debekatzeari muzin egin eta gero.

Portugalgo Gobernu kontserbadorea Miroren pinturak "berandu baino lehen" saltzeko prest agertu da. BPN Portugalgo bankuak porrot egin zuenean bereganatu zituen margolanok Estatuak.

Afera hainbat diputatu sozialistek eraman zuten auzitara, 9.000 herritarren sinadurek bermatuta.

Horien ustez, artelan multzoari eman dioten balioa (35 milioi euro) 2008an emandakoa (80 milioi euro) baino nabarmen baxuagoa da, eta ez dute horren sorta baliagarria herrialdetik ateratzea nahi.