Artea
Enkantea
Christie's etxeak inoiz baino diru gehiago bildu du saio bakar batean
Erredakzioa
Garestien saldu den margolana Barnett Newmanen Black Fire I izan da; 84,16 milioi dolarrean saldu da.
-
Barnett Newmanen 'Black Fire I' margolana. Argazkia: EFE
New Yorkeko Christie’s etxeak antolatu duen arte garaikidearen eta gerra-osteko gaien enkantean 744,94 milioi dolar bildu dituzte saio bakar batean. Garestien saldu den margolana Barnett Newmanen Black Fire I izan da; 84,16 milioi dolarren truke saldu dute.
Orain arte 2013ko saio batek zuen markarik onena Christie’s etxean. Saio hartan, 691,58 milioi dolar bildu zituzten, eta margolan garestiena Lucian Freuden hiru estudio izan zen, 142 milioi dolarrean saldu baitzuten.
Gaurkoan margolanak ez dira zifra horretara heldu, baina Barnett Newmanen lan baten truke inoiz baino gehiago ordaindu dute. Horrez gain, aurreikusita zeuden 72 margolan sortetatik bakarrik lau saldu gabe geratu izanak etxeak inoiz baino diru gehiago biltzea eragin du.
Francis Baconek 1984an margotutako John Edwardsen erretratu baterako hiru estudio (80 milioi dolar) obrak; Abdy Warholen Race Riot (62,8 milioi dolar) eta Marilyn Blanca (41 milioi dolar) lanek; 1952ko Rothko batek (66,24 milioi dolar) eta Jean-Michek Basquiar batek (34,8 milioi dolar) azken emaitza hori lortzen lagundu dute.
Newmanen lanak marka jartzeaz gain, hainbat artista estatubatuarrek ere lorpenak lortu dituzte; Alexander Calderrek (Poisson volant 25,92 milioi dolarrean saldu dute), Joan Mitchelek eta Joseph Cornellek, besteak beste.
Ostegunean, Sotheby’s etxeak hartuko du Christie’s etxearen txanda, Jeff Koonsen Popeye bat eskuratzeko milioi asko ordaintzea espero baitute. Andy Warhol, Jean Michel-Basquiat, Rothko eta Richter artisten lanak ere egongo dira bertan.