Itxi

Artea

Enkantea

Moneten 'Nympheas' margolana, ia 40 milioi euroren truke

Erredakzioa

1906an margotu zuen eta impresionismoaren ikonoetako bat da. Margolari frantziarraren bigarren salneurri altuena da enkante batean.

  • 'Nenúfares' de Monet. Foto: Sotheby's

    'Nenúfares' de Monet. Foto: Sotheby's

Claude Moneten 'Nympheas' saileko margolan batek 31,72 milioi liberako salneurria (39,7 milioi euro edota 54 milioi dolar) eskuratu du. Margolari inpresionista frantziarraren bigarren salneurri altuena da enkante batean.

1906an margotu zuen eta impresionismoaren ikonoetako bat da. Sotheby's etxeak arte modernoaren eta inpresionistaren 46 artelanen sorta bat jarri zuen atzo enkantean eta 122 milioi libera (152,6 milioi euro edota 207,7 milioi dolar) eskuratu zituzten guztira Londresen.

Moneten margolanak aurreikuspen guztiak hautsi zituen, begirada guztiak Piet Mondrianen "Konposizioa gorrian, urdinean eta grisean" margolanean zeudelako. 15,20 milioi libera (19 milioi euro edota 25,8 milioi dolar) ordaindu zituzten margolan horrengatik.

Moneten margolan batengatik ordaindu den salneurririk altuena "Nympheas" saileko beste margolan batek eskuratu zuen: 2008an Londreseko Christie's etxean 41 milioi libera (51,3 milioi euro edota 69,7 milioi dolar) ordaindu zituzten orduan.

Artista inpresionista 1905ean hasi zen Givernyko bere lorategian zeuden nenufareak margotzen eta sail bat hasi zuen gai horrekin. Bere bizitzako azken bi hamarkadetan 60 lan inguru egin zituen.

Sotheby's etxeko enkanteak, Londresen, udako denboraldia hasi zuen eta XX. mendeko abangoardiako lanak ditu aztergai. Artista frantziarraren beste bi lan jarri zituzten enkantean, arratsaldeko hirugarren eta laugarren salneurri altuenak lortuz.

Sorta honetan Pablo Picassoren "Emakume baten erretratua" lana ere saldu zuten, 5,34 milioi liberaren truke (6,7 milioi euro edota 9,1 milioi dolar). Artista beraren "L'Atelier" (1961 eta 1962 bitartean margotua) ere enkantean jarri zuten, 3,55 milioi liberako (4,4 milioi euro edota 6 milioi dolar) salneurria eskuratu zuelarik.