Artea
Ekitaldi zibila
Azken agurra eman diote Nestor Basterretxeari
Erredakzioa
Euskal gizartearen ordezkaritza zabala bildu da Donostian, Zorroaga eliza zegoen eraikinean.
Kultura eta politika munduko euskal ordezkaritza zabalak azken agurra eman dio astelehen honetan Nestor Basterretxea artistari. Larunbatean zendu zen eskultore eta margolaria, eta Donostian egin diote ekitaldi zibila, Zorroaga eliza zegoen eraikinean. Musika, dantza eta bertso doinuekin egin diote omenaldia Basterretxeari.
Familiarekin eta lagunekin batera, euskal gizartearen ordezkaritza zabala bildu da ekitaldian. Bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak, Cristina Uriarte Kultura sailburua eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Omenaldian ere izan dira Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako burua, Arantza Quiroga Euskadiko PPko burua eta Peio Urizar Eusko Alkartasuna alderdiko idazkari nagusia. Joxean Muñoz Kultura sailburuorde eta familiaren lagunak ekitaldian hartu du parte.
Kultura arloko ordezkaritza zabala ere bildu da Donostian, tartean Ricardo Ugarte eskultorea, Julia Otxoa idazlea, Javier Viar Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria, Gontzal Mendibil, Jon Maia, Andoni Egaña, Juan Mari Arzak eta Jose Angel Iribar.
Dantza eta bertsoak
Joan Maiak ireki du ekitaldia, eta Kukai dantza taldearen ikuskizuna izan da jarraian. Andoni Egaña bertsolariak omenaldia egin dio Basterretxeari, eta, bertsoekin batera, testuak eta olerkiak ere plazaratu dituzte, senitartekoen eta gertukoen testigantzek lagunduta. Basterretxearen irudiak ikusgai izan dira bitartean, pantaila erraldoian.
Bermeoko abesbatzak emanaldia eskaini dio artistari, eta ''Agur Jaunak'' entzun dute bertan bildutakoek, zutunik.
Nestor Basterretxearen hilotza gaur erraustu dute, familiartean. Artistak berak hala eskatuta, errautsak bere ibilbidean mugarri izan ziren bi tokitan zabalduko dituzte: Bermeon (bere jaioterrian) eta Jaizkibel mendian, Hondarribian (bertan bizi izan eta hil da).