Artea
Erakusketa
Bilboko Arte Ederren Museoa, hiperrealismoaren ispilu
Redacción
"Hiperrealismoa 1967-2013" erakusketak, Europan genero horri buruz egin den lehenengoak, 68 artelan bildu ditu eta 2015eko urtarrilaren 19ra arte bisitatu ahalko da.
Bilboko Arte Ederren Museoak pintura hiperrealistan murgiltzeko gonbita egin du, 60ko hamarkadan AEBn sortu zuten mugimendu honen bide osoa laburtzen duen atzera begirako erakusketa baten bidez.
“Hiperrealismoa 1967-2013” Europan pintura mugimendu honen inguruan egin den lehen erakusketa da. AEBko margolariek espresionismo abstraktuaren nazioarte mailako nagusitasunari erantzuteko sortu zuten mugimendua.
Erakusketan, 34 artistaren 68 margolan daude, Chuck Close, Richard Estes, Richard McLean, Don Eddy eta John Baeder estatubatuar maisu aitzindarien lanetatik hasi eta europar artisten lanetara helduta. Azken horien artean daude, berbarako, Ben Johnson eta Bernardo Torrens.
Pintura hiperrealista garaian garaiko bizimoduan erabat txertatuta dauden eguneroko objektu, eraikin eta objektuak albait fidelen eta zehatzen irudikatzen dituena da.
Tubingako (Alemania) Kultur Elkartrukearen Institutuak sortutako erakusketaren komisarioa Otto Letze da elkarte horretako zuzendaria, eta mugimendu artistikoa eratu duten hiru belaunaldietako ordezkarien lanak daude ikusgai berorretan.
Hamar bat urte behar izan dituzte bilduma osatzeko, horrelako lanak osatzeko prozesua horren luzea denez (batzuetan hiru urtera ere heltzen da sormen lana) ia ez baitago lanik. Urtarrilaren 19ra arte egongo da ikusgai artelan sorta Bilbon.