Itxi

Artea

Vatikanoa

Haize berriak, 'Kapera Sixtino berrian'

Erredakzioa

Aste honetan, aretoa argiztatzeko eta airea girotzeko sistema berriak estreinatu dituzte Vatikanoko Museoetan, bertako freskoak hobeto gorde ahal izateko. Orduko 2.000 lagun hartzeko prest daude.

  • 'Adamen kreazioa' argiztatzen sistema berriak ematen dion itxuraz. Argazkia: Efe.

    'Adamen kreazioa' argiztatzen sistema berriak ematen dion itxuraz. Argazkia: Efe.

Kapera Sixtinoa argiztatzeko eta bertako airea girotzeko sistema berriek erosoagoa egingo dute bisitarien egonaldia, eta pinturak hobeto gordetzen lagunduko dute, Vatikanoko teknikarien buru batek azaldu duenez.

“Berrikuntza hauek egiteko orduan, publikoaren ongizatea izan dugu gogoan, pinturak erosoago ikustea, baita freskoen osasuna eta kontserbazioa ere”, azaldu du Rafael Garcia de la Serrana Villalobosek, Governatoratoren, Vatikano Hiria kudeatzen duen gobernuaren, zerbitzu teknikoen zuzendariak.

Airea girotzeko sistemari esker, hauts izpirik ez da Kapera Sixtinoko freskoek osatzen duten 2.500 metroko azaleran pausatuko.

Garcia de la Serranak azaldu duenez, lehengo girotze sistema orduan 700 pertsona hartzeko prest zegoen, baina gaur egun 2.000 pertsona sartzen dira Vatikanoko gela horretan orduko.

“Urtero-urtero, mantentze eta garbitze lanak egiten genituenero, margoen gainean hondakin gehiegi pausatzen zirela ikusten genuen, eta, hortaz, beharrezkoa zen aldaketa hau”, azaldu du Vatikanoko zerbitzu teknikoen zuzendariak.

Argiztatze sistemari dagokionez, LED argien 7.000 puntu jarri dituzte Kapera Sixtinoan, eta, hala, kolore guztiak azpimarratzen dira eta ezein lan ez da besteen gainetik gelditzen. Fresko guztiak ikus daitezke orain, “eta ez Michelangelorenak bakarrik”.