Artea
Martxoaren 1era arte
Bi euskal galeria, Arcomadrid azokaren 34. edizioan, gaurtik aurrera
Erredakzioa
Altxerri Donostiako galeria eta Carreras Mugica bilbotarra egongo dira Madrilgo topagunean. Guztira, 218 galeriak erakutsiko dituzte artelanak, iaz baino batek gehiagok.
-
Crevecouer paristar galeriak Renaud Jerezen lana erakutsiko du.
Arcomadriden edizio berria gaur, hilak 25, asteazkena, hasiko da IFEMA Madrilgo erakustazokan, eta aurreko urteetan baino “baikortasun eta konfiantza” handiagoz begiratzen diote bertaratuko direnek arte garaikidearekiko hitzorduari. Martxoaren 1era arte luzatuko dira jardunaldiak, eta Kolonbia da aurtengo gonbidatu nagusia.
Guztira, 29 herrialdetako 218 galeriak parte hartuko dute, iaz baino batek gehiagok: horietako 160 Programa Nagusian kokatu dituzte; hamar, #ArcoColombian; 28, Opening atalean (zazpi urte baino gutxiago dituzten galeria gazteak hartzen ditu); eta 24, SoloProjects izenekoan (talentu handiko gazteak erakusten dituzten galeria latinoamerikarrak).
Euskal galeriei dagokienez, Altxerri donostiarra eta Carreras Mugica bilbotarra egongo dira Madrilgo erakustazokan.
Halaber, hiri mordo bateko galeriak erakutsiko dituzte beren lanak urteroko zitan, Madrilen: Amsterdam, Berlin, Viena, Lisboa, Porto, Santiago, Buenos Aires, Bogota, Sao Paulo, Kopenhage, Paris, Lima, Guayaquil, Rio de Janeiro, New York, Milan, Guatemala, Mexiko Hiria, Santo Domingo, Anberes, Londres…
Carlos Urroz azokaren zuzendariak esan duenez, “arrakastatsua izango dela dirudi”; izan ere, galeria gehiagok eskatu dute aurten Arcomadriden egotea, baina iazko galeria kopuru bertsua izango da. Hartara, kalitatea handiagoa izango dela ondoriozta daiteke.