Itxi

Artea

'La Coiffeuse'

Picassoren margolan lapurtu bat atzeman dute AEBn

Erredakzioa

Parisko Pompidou zentrotik ebatsi zuten 2001ean. Gaizkile talde bat New Yorken sartzen saiatu da, itsasontziz.

  • 2001ean Parisko Pompidou zentrotik lapurtu zuten margolana. EFE

2001ean Parisko Pompidou zentrotik lapurtu zuten La Coiffeuse (Ile-apaintzailea) Pablo Picassoren koadroa atzeman dute Newmark portuko aduana-kontrolean (New York).

The New York Times egunkariak argitaratu duenez, abenduan topatu zuten margolana, gaizkile talde bat AEBn itsasontziz sartzen saiatzen ari zenean. Koadroa ustez "artisautza edo jostailuak" zeramatzan fardel baten barruan atzeman zuten, eta Belgikatik bidali omen zuten.

Margolari espainiarrak 1911n pintatu zuen koadroak 2,5 milioi dolar balio du, eta Frantziako Gobernuarena da. Parisko Pompidou zentroan zuten zintzilik, ikusgai, baina 2001ean lapurtu egin zutela salatu zuten museoko arduradunek.

Margolana 2014ko abenduaren 18an heldu zen Newarkeko portura (New Jersey), eta Long Island Cityko biltegi batzuetara eraman behar zuten. Egunkari horren arabera, Pompidou zentroko adituak urtarrilean joan ziren AEBra, eta topatutako lana La Coiffeuse zela egiaztatu zuten.