Artea
Berreskuratu egin nahi du
Gazatar gizon batek 162 euroan saldu du Banksyren mural bat
Reuters - eitb.eus
Palestinar gizon bat lantua jo eta jo ari da asteazkenetik, Banksy artistak pintatuta zegoela ohartu gabe, bonba eraso baten hondarrak zeuzkan ateburua saldu eta gero.
Rabea Darduna Gaza iparraldean sei seme-alabarekin batera bizi den palestinarrak 700 shekeletan (162 euro) saldu zion auzokide bati herrialdeak pairatzen duen biolentziak zabaldutako orbainak ageri-agerian erakusten zituen bere etxeko ate andeatua.
Dardunak ez zekien, baina, ez Banksy kale-artista ospetsua nor den ezta aurten ingurua bistatu zuela ere, eta, beste etxe batzuetan bezala, bere etxe aurrean espraiari eragin ziola britainiar margolari misteriotsuak. Jainkosa bat marraztu zuen dardunatarrenen atarian, burua esku artean zuena.
“Jakin izan banu, ez nuen inola ere atea horren merke salduko”, esan dio Dardunak Reuters albiste agentziari; Banksyren lanak 465.000 euro inguruan saltzen dira, batez beste.
“Atea berreskuratu egin nahi dut”, esan du palestinarrak: “Iazko gerran etxea erabat hondatuta gelditu zitzaidan, eta dirua behar dut. Hurrengo batean, Banksyren pintura gisa salduko dut, ez ate zahar gisa”.
Erosleak, Belal Khaled gazar grafitigile eta kazetariak, esan du ez duela atea itzultzeko asmorik, baina ez duela, halaber, saltzeko ahaleginik ere egin… “oraindik”.
“Margolana babesteko erosi dut atea, inork ez dezan ezabatu edo alferrik galdu”, esan du Khaledek. Jarraian, Banksyren jarraitzaile sutsua dela gaineratu du, eta bere lanerako inspirazio argia dela aitortu: “Grafitiak egiten hasi nintzenetik, Branskyren lan bat izatea ametsa zen niretzat”.
"Eskaintzak entzuteko prest nago, lana nazioarteko galerietan erakutsi eta Gazako sufrimenduaren eta gerraren aurkako aldarrikapen moduan erakusteko”, esan Khaledek.