Itxi

Artea

Ezadostasuna amaitu da

Oteiza Fundazioak eta artista zenaren oinordekoak akordioa itxi dute

Agentziak | Erredakzioa

Pilar Oteizak artistaren obren gainean dituen jabetza intelektualeko eskubideen esplotazioa bermatuko dio Fundazioari, eta, trukean, Oteizak Fundazioaren kudeaketan parte hartuko du.

Jorge Oteiza Museoa Fundazioak eta Pilar Oteiza San Josek, Jorge Oteizaren oinordekoak, 2005ean, eskultorea hil eta bi urtera, elkarren artean jaiotako ezadostasunei azkena jarri diete.

Hitzarmenaren arabera, Fundazioak ohar batean azaldu duenez, Pilar Oteizak Jorge Oteizaren lanen gainean dituen jabetza intelektualeko eskubideen esplotazioa Fundazioari lagako dio, “betiere sortze-helburuak betetzen direla bermatuta”.

Jorge Oteiza Museoa Fundazioak, aldiz, Pilar Oteiza kudeaketari gehitzeko modurik “egokiena” aztertzeko konpromisoa hartu du.

Akordioak zehazten duenez, Pilar Oteiza eta beste kide batzuk batuko dituen batzorde tekniko bat ere eratuko dute, Jorge Oteizaren lanen benetakotasuna zaintzeko eta haren eskulturen Katalogo Arrazoituari jarraitutasuna emateko zein literatura lanekin osatzeko.

Jabetza intelektualaren gainean izandako ezadostasunen ondorioz, oinordekoak salaketa ere jarri zuen, artistaren hainbat testu bere baimenik gabe publikoaren eta Interneteko erabiltzaileen esku jartzeagatik.

Fundazioak Jorge Oteizaren eskultura lanen Katalogo Arrazoitua berandu baino lehen aurkeztuko duela ere iragarri du.