Itxi

Artea

Ai Weiwei

Legok Ai Weiwei artista disidenteari laguntzeari uko egin dio

Reuters

Lego danimarkar etxeak ez dio Ai Weiwei artista disidente txinatarrari bere proiektu berrirako piezarik utziko. Horren aurrean, bere estudioak herritarrek emandako piezak jasoko ditu.

  • Ai Weiweik jarraitzaileek emandako piezak jasoko ditu

    Ai Weiweik jarraitzaileek emandako piezak jasoko ditu

Ai Weiweik Legoren piezak jasoko ditu herritarren eskutik, horretarako prestatutako hainbat tokitan, danimarkar enpresak, bere aktibismo politikoaren ondorioz, artistarekin lankidetzan aritzeari muzin egin eta gero.

Legok astelehenean baieztatu duenez, Weiweiren estudioaren eskakizunari ezezkoa eman dio; izan ere, ez dute ez “agenda politikoko” gaiei buruzko lanetarako eskakizunik asetzen, ezta horrelako lanik babesten ere.

Weiwei Pekingo estadio olinpikoak eginiko lanagatik da ezagun mundu osoan, besteak beste, eta Melbournen urte amaieran erakutsi nahi duen lan bat egiteko eskatu zizkion piezak Legori. Ezezkoaren aurrean, Weiweiren estudioak munduko jarraitzaileen piezak jasoko dituela eta, horiekin, “adierazpen askatasuna eta arte politikoa babesteko” lan berri bat egingo dutela iragarri du.

Artista txinatarrak erabiliak ditu aurretik Legoren piezak: Alcatrazeko kartzela-uhartean, danimarkar etxearen piezekin eginiko Nelson Mandelaren eta beste 174 kontzientzia presoren erretratuak erakutsi zituen.

“Umeengan sormena pizten duten jolas esperientziak garatzen dituen konpainia gisa, aspaldidanik ez dugu Legoren piezarik ematen agenda politikoaren inguruan sortutako proiektuetarako, eta ez dugu horrelakorik babesten”, esan dute Legoren ordezkariek ohar baten bidez.