Itxi

Artea

Erakusketa

Basaurik herriko artista nagusiak batu ditu

EiTB

“GURE ARTEAn” programako lehen erakusketak Victor Sarriugarte, Koldo Etxebarria, Luis Miguel Gomez eta Jesus Lizaso artisten lanak jarri ditu ikusgai, Arizko Dorrean, urtarrilaren 31ra arte.

  • Lau artistak eta herriko alkatea, aurkezpenaren egunean

    Lau artistak eta herriko alkatea, aurkezpenaren egunean

Basauri Bizkaiko udalerriak herriko artista nabarmenen lanak ikusgai jarriko ditu, erakusketa kolektiboetan, “GURE ARTEAn” programaren bidez.

Lehenengo bildumetako bat martxan dago dagoeneko, eta urtarrilaren 31ra arte ikusi ahalko da Arizko Dorreko erakusketa gelan. Victor Sarriugarte, Koldo Etxebarria, Luis Miguel Gomez eta Jesus Lizasoren lanak paratu dituzte bertan.

Andoni Busquet herriko alkateak erakusketaren aurkezpen ekitaldian esan duenez, “ibilbide oparoko artistak dira denak, estilo eta teknika ezberdinak erabiliz lan heterogeneoak egin dituztenak”. “Programa honetako lehen erakusketa da, baina jarraitutasuna ematea da gure askoa, zorionez, artista asko baitaude Basaurin”, gehitu du Busquetek.

Lau sortzaileak aurkezpen ekitaldian izan ziren.

Jesus Lizaso (1961) eskultura lanei esker da ezagun. Harria, metala eta egurra lantzen ditu, eta lan publiko oso handiak eta erakusketan ikusi ahal diren lan txikiagoak egiten ditu.

Koldo Etxebarria (1960) pixela lantzen du. Lan infografikoak egiten ditu, programa informatikoak baliatuz, “giza dimentsioa eta munduaren ikuskera pertsonala islatzeko”.

Victor Sarriugartek (1944) antropologian, tradizioetan eta euskal errituetan sakontzen du, eta hainbat pertsonaren erretratuak egin ditu, hala nola Jose Miel Barandiaran edo Bernardo Atxaga.

Bestalde, Luis Miguel Gomezek oso estilo pertsonala eta bokazio didaktiko handia ditu. Pintura irakasle jarduten da, Basaurin, ume eta helduekin.