Itxi

Artea

Datorren apirilaren 17an

Victor Ullateren balletak Beethoven omenduko du Gasteizen

Erredakzioa

2008.ean konpainiaren 20. urteurrena ospatzeko, Beethovenen musika aukeratu zuten. Madrilen arrakasta nabarmen lortu ondoren, dantza emanaldi hau Euskadira dator.

Dantzazaleek ezinbesteko hitzordua dute datorren datorren apirilaren 17an. Victor Ullateren izen handiko balletaren ikuskizuna hartuko du Gasteizko Antzoki Zaharrak. Beethoven musikagile klasikoaren musika taularatuko dute konpainia honen dantzariek.

2008.ean 20. urteurrena ospatu zuen balletak eta horren harira, Beethoven egitaraua prestatu zuen. Estreinaldia Madrilgo Albeniz antzokian izan zen 2008ko otsailaren 8an.

Aurten, ikuskizuna birpasatu egin dute eta Kubako bi dantzari ezagunak gehitu dituzte, hala nola, Yolanda Correa eta Yoel Carreño. Claro de Luna izeneko 2., 5., 6. eta 14. sonatek osatzen dute programa. Horrela, lau zatitan banatu dute emanaldia: Tres, Après Toi, Laberinto eta Pastoral.

Aukera honen arrazoia Victor Ullateren hitzetan aurki dezakegu: "niri Beethovenek beti liluratu izan nau", azaldu du koreografoak, "askotan dantzatu dut haren bederatzigarren sinfonia Maurice Bejarten Ballet eta nire gazte garaiko oroitzapenak ekartzen dizkit gogora".

Ullatek sari ugari eskuratu ditu. Dantza Sari Nazionala irabazi zuen 1989.ean. Arte Ederretako Urrezko Domina 1996.ean eta dantza saileko Madrilgo Kultur Saria eman zioten 2003.ean, besteak beste.

Emanaldia arratsaldeko 20:30ean hasiko da. Sarrerak 8 eurotik 24 euro bitartean daude salgai Antzoki Zaharreko txarteldegian.