Artea
Madrilen izan ondoren
'Iruñeko 72ko Topaketak' erakusketa Nafarroako hiriburura heldu da
Erredakzioa
Orain 38 urte, bertako zein nazioarteko 300 artista bildu ziren Iruñean, zortzi egunetan zehar. Egun haietan bertan bizi izandakoa jakin araztea da bildumaren helburua.
1972ko ekainaren 26tik uztailaren 3ra bitartean, bertako zein nazioarteko 350 artista baino gehiagok hartu zuten parte Iruñeko 72ko Topaketak ekimenean. Espainian gertatu izan den abangoardiako ekitaldi garrantzitsuenetako bat da Nafarroakoa askorentzat.
Jarduera esperimentalak izan ziren nagusi Iruñean, zortzi egunetan zehar. Topaketetan poesia, zinea, musika, pintura, eskultura, antzerkia eta bestelako adierazpen artistikoetako sortzaileek hartu zuten parte, baina baita hiritarrek beraiek ere. Alea Taldea arduratu zen antolaketaz, tartean Luis de Pablo konpositorea eta Jose Luis Alexanco artista; eta Huarte Taldearen diru-laguntza pribatuarekin egin zen ekimena. Finantziazio pribatuarekin sortu izanak zerbitzu publiko izaera eman zion proiektuari, eta hiriarentzako opari gisa ere ikusi zuten askok. Doako ekimena izan zen eta hedapenerako izaera eta nortasun ludiko lortu zuen.
Orain, 38 urte geroago, Madrilgo Reina Sofia Museoak gogora ekarri nahi ditu topaketok, Encuentros de Pamplona 72. Fin de fiesta del arte experimental izeneko erakusketarekin. Egun haietan Nafarroako hiriburuan bizi izandakoa jakin araztea da bildumaren helburua. Madrilgo Museoan aurkeztu ondoren, iritsi da erakusketa Iruñera. Ekainaren 13a arte izango da bertan ikusgai.