Artea
Kaleko artea
Zer da kaleko artea? eta kaleko artearen printzak Donostian
Onintza Aiestaran | EITB.EUS
Kaleko artearen mundura hurbilpen bat egin dugu, eta adierazpen artistiko horren hainbat adibide topatu ditugu Donostian.
-
Donostiako Amara auzoko Vergara estankoan Arte Factoryk egindako lana. Argazkia: Arte Factory
Artea ez da arte galeriatan eta museotan ezkutatuta dagoen zerbait, artea kalean, nonahi, arnastu eta ukitu daiteke. Kaleko artearen geroz eta adibide gehiago topa ditzakegu gure herrietako eta hirietako kaleetan eta horietako askok, gainera, profesionalen eta artisten sinadura daramate. Oraingoan Donostiara gerturatu gara kaleko arteak Donostian duen presentzia bertatik bertara ezagutzeko. Gauzak honela, Arte Factory Team diziplina anitzeko arte agentziarekin jarri gara harremanetan, kaleko artearen kontzeptua definitzen eta adierazpen artistiko horrek Donostian duen presentzia zehazten lagun diezagun.
Esnaola taberna Eason, Donostian. Argazkia: Arte Factory
Lander Santos Arte Factory Team agentziako Marketing buruaren esanetan, "zaila da" kaleko artearen definizio zehatza egitea. Azaldu duenez, inguru, auzo edota hiri bakoitzeko ideologiaren edota izaera sozialaren isla da, eta graffitia aipatu du kaleko artearen adibide ezagunenetako gisa.
Salaberria gestoria Amara auzoan, Donostian. Argazkia: Arte Factory
Arte Factoryko lantaldeak -hormatan egindako artean eta streetmarketing alorretan jarduten duen diziplina anitzeko arte agentzia- aldaketa eragin nahi du gizarte pentsamenduan, eta herritarrek graffitiareiko duten irudia aldatu nahi du: "suntsitzailea" baino, "eraikitzailea" denaren ideia gizartean hedatuz. Halaber, Arte Factoryk garrantzia handia ematen dio muralaren (hormako irudia) edota kaleko artearen beste edozein adierazpideren eta gizartearen arteko harremanari.
Aldapetako etxebizitza bateko fatxadan egindako horma irudia. Argazkia: Arte Factory
Kaleko arteak Donostian duen presentziaz galdetuta, alderdi hori ez dagoela Donostian hain zabalduta aitortu du Lander Santosek. Are gehiago, beste toki batzuetako pertsonak egiten dituzte hainbat lan, bertako artea oztopatuz. Hala ere, itxaropentsu agertu da eta, pixkanaka-pixkanaka, gizarteak kaleko artearekiko duen pertzepzioa aldatzen ari dela nabarmendu du. Haren hitzetan, beren lanek geroz eta onarpen eta aitortza handiagoa dute Donostian eta inguruetan.
Antiguoko Tilin-Talan haurtzaindegian margotutako murala. Argazkia: Arte Factory.
Bere hastapenetatik, Arte Factoryk hainbat proiektu garatu ditu Donostialdean eta inguruko herrietan. Halaber, Indian ere aritutakoa da. Dena den, Lander Santosek aitortu du harreman berezia dutela Donostiarekin, batez ere, lehen pausoak bertan eman zituztelako eta beren eboluzioaren lekuko izan delako. Gaur egun, mota guztietako proiektuak egiten dituzte elkarrekiko ezberdinak diren tokietan: hormatan, fatxadatan, etxebizitzatan, harresitan, etab.
Pedro Subijana sukaldariaren Akelarre jatetxearen barrualdea. Argazkia: Arte Factory
Arte Factoryn talde lana dute ardatz: "Gure lan guztiak Arte Factoryk egiten ditu, ez dago egile bakarrik". Gaur egun, partikularrentzako, erakunde publikoentzako eta hainbat merkatutako enpresentzat egiten dute lan.
Arte Factoryk Martuteneko Gar&Gar garagardotegian margotutako murala. Argazkia: Arte Factory