Itxi

Artea

Nafarroako Antzerki Eskolan

'Alex eta Arale', 2009ko umeentzako antzezlan onenaren estreinaldia

Erredakzioa

Haurrei zuzendutako euskarazko antzerki testuen Iruñeako Udaleko lehiaketaren irabazlea izan da obra hau 2009an. Nafarroako Antzerki Eskolatik igaro ondoren, 12 nafar eskolek hartuko dute ikuskizuna.

Igande honetan estreinatuko da Nafarroako Antzerki Eskolan 2009an Iruñeako Udalak antolatutako haurrentzako euskarazko antzerki testuen lehiaketaren irabazlea, Alex eta Arale antzezlana.

Galder Perez bilbotarrak idatzita, Nafarroako Antzerki Eskola arduratu da eszenografia lanetaz. Izan ere, Eskola honetako ikasle ohiak izan dira ekoizpen lanetan aritu direnak. Zuzendaritza Beatriz Miroren eskutik dator eta parte hartU duten hainbat aktore (Ainhoa Ruiz eta Monica Torre bezala) Eskolan bertan hezituak dira.

Informazio Zientzietan lizentziaduna, Galder Perezek ikusentzunezko hainbat ekoizpenetan hartu du parte, ''Cocidito madrileño'' eta ''Todos nacemos vascos'', besteak beste. Lehiaketa honetan, aipamenarekin batera, 2.200 euroko sari ekonomikoa eskuratu du.

Inoiz ez isilik izeneko haranean kokatzen da istorioa. Ume txiki baten heriotzaren ondorioz, jenio biziko biztanleak bizi dira bertan. Katisha izeneko maitagarri bat irtenbide bat bilatzen saiatuko da. Alex eta Arale izeneko bi haurren arteko adiskidetasun harremanean egon liteke konponbidea.

Nafarroako Antzerki Eskolan estreinatu ostean, 1.500 nafar eskoletan ere eta goizeko saioetan taularatuko dute antzezlana.

Sarrerak 6 eurotan salgai jarri dituzte eta igande honetako arratsaldeko 18:30ean hasiko da emanaldia. Ondoren, hilaren 29an, 30ean eta 31an, goizeko 09:00etan eta 11:00etan Nafarroako 1.538 ikasleek antzezlana ikusteko aukera izango dute.