Artea
Erakusketa
Gaur taldearen ondarea Michel Mejuto Bilboko galeriara ere heldu da
N.V. | eitb.eus
San Telmo Museoko erakusketa handian, Donostiako hainbat arte galeriatan eta Bilboko Arte Ederren museoan eta galeria horretan ikusi ahalko da artista talde handiaren lana.
Michel Mejuto Bilboko galeriak (Juan Ajuriaguerra kalea, 18) Gaur taldeko hainbat kideren lanen erakusketa hartuko du martxoaren 11tik aurrera. Jorge Oteiza (1908-2003), Eduardo Chillida (1924-2002), José Antonio Sistiaga (1932), Amable Arias (1927-1984), José Luis Zumeta (1939), Rafael Ruiz Balerdi (1934-1992), Remigio Mendiburu (1931-1992) eta Néstor Basterretxea (1924-2014) artisten lanak egongo dira ikusgai, eta horietako batzuk salgai ere egongo dira.
“Después de | GAUR | harrezkerokoak” erakusketak taldearen sorreraren 50. urteurrena ospatuko du, eta apirilaren 17ra arte egongo da ikusgai. 32 lan bildu dituzte orotara, bildumazale pribatuen esku dauden marrazkiak, eskulturak eta pinturak. Horietako batzuk aurretik sekula erakutsi gabekoak dira.
Gaur taldea
Gaur taldeak 1966an aurkeztu zuen bere burua jendartean, manifestua argitaratu eta Barandiaran Donostiako galerian erakusketa eginez.
Hiru urtez egon ziren jardunean, 1969ra arte, kideen arteko ezadostasunen eraginez taldea desegin egin baitzuten.