Artea
Ekainaren 2tik 4ra bitartean
Angel Corellaren balletak Tchaikoskyren musika taularatuko du
Erredakzioa
Corella Balletaren dantza ikuskizuna hartuko du Bilboko Arriaga Antzokiak. Guztira, hiru pieza interpretatuko dituzte 60 dantzariek. 13 eurotatik salgai jarri dituzte sarrerak.
Angel Corella egungo dantza munduko entzute handienetariko dantzaria Bilboko Arriagan izango da datorren ekainaren 2tik 4ra bitartean, Corella Ballet bere taldearen azken ikuskizuna aurkezteko asmoz.
American Ballet Theatre konpainiako dantzari nagusiena hiru piezatako emanaldia eskainiko du Bizkaiko hiriburuan. Tchaikosky musikagileak egindako hariko seikotea taularatuko dute String Sextet partean, Florentzia hiria iradokitzen duen eta erritmo biziaz osatutako osaketa. Bigarren partean, VIII izenburukoa, Enrique VIII, Aragoiko Katalina eta Ana Bolenaren arteko amodiozko istorioan oinarritu dira. Fancy Free azken partearen musika Leonard Bernstein musikagile ospetsuaren eskutik datorkigu. Arrakasta handia lortu zuen konposizioak eta horren ondorioz, Gene Kellyren On the Town musikala bihurtu zen.
Hiru saio Arriagan
2008. urtean sortutako dantza klasikoko konpainia da Corella Balleta. Angel Corellak berak sortuta, sari anitz jaso ditu, Madrilgo Arteen Nazioarteko Domina 2008. urtean eta Salamanca hiriko Kulturaren Izarra, besteak beste. Espainiar eszenatokietan izan ondoren, Amerikara joko du azaroan eta AEBetan eta Mexikon eskainiko dituzte zenbait emanaldi.
Balleta ikusgai izango dugu ekainaren 2tik 4ra bitartean. Guztira, 3 saio eskainiko dituzte, arratsaldeko 20:00etan. Bi ordu eta 10 minutuko iraupena izango du eta sarrerak 12 eta 40 euro bitartean salgai jarri dituzte Arriaga Antzokiko txarteldegietan, General Ticketsen eta BBk-ko ohiko kanalen bitartez.