Itxi

Artea

Elkarrizketa

Quéheille: 'Euskal kultura ez da bizitzen ahal euskararik gabe'

EKE

Patrick Quéheille zuberotarrak 'Xahakoa' pastorala idatzi du Attuliren omenez. Barkoxtarrek uztailaren 25ean, 31n eta abuztuaren 8an emango dute. Aurten aitzinetik erreserbatu behar da.

Barkoxeko Etxahun kultur elkarteko burua, dantzari, dantza erakasle eta pastoral idazle da Patrick Quéheille (Barkoxe, 1964). Xahakoa pastorala idatzi du, Alexis Etchecopar(1924-2005) Attuliren omenez. Uztailaren 25ean, 31n etaabuztuaren 8an emango duten.

Zuberoako ohiduretaz jabeturik, Patrick Quéheillek tradizioa transmititzen du, berrikuntza sortzaile izanez aldi berean. Herriko bizian eta Zuberoan osoki inplikaturik dagonak erakusten digu bere harremana euskal kulturarekin eta horretan hizkuntzak duen garrantzia. 2010eko maiatzean eskaini zigun elkarrizketaren pasarte hauek proposatzen dizkizuegu. Elkarrizketa osoa ikusteko egin klik www.eitb.eke.orgn.

Zuberoako dantza erakasle
Barkoxen sortü nüzü duela 46 urte. Kultur munduan sartu niz 14 urtetan Xiberoko dantza eskoletan ibiltez, bereziki Barkoxeko dantza eskolan. Ondoko urtean, 1979an, herriko maskaradetan küküllero dantzari gazte bezala parte hartu nuen. Tradiziotik kanpo, udan, eman ziren. Barkoxen bi elkarte zinez azkarrak badira, bata kirol elkartea, bestea kultur elkartea: Etxahun elkartea. Jarraiki dut dantza eskoletan aitzindari heldu arte eta 10 urtez dantzatu dut Barkoxeko taldean. Xantza ukan dut euskal kultura beste gisaz senditzeko, ez beti maskaradei edo pastoralei loturik. Uhaitza kultur zentroaren inguruan, altxatü genuen Gaialdia deitu ikusgarria 1986an, zazpi probintzietan eman ginuena. Sorkuntza hortan baziren bizpahiru antzerki Daniel Landart-ek zuzentzen zituenak, dantza sorkuntzak Roger Goyhenetchekin landuak eta kantari talde bat Robert Larrandaburu ''Pipas''-en inguruan.&' || 'nbsp;

1986an beti, Barkoxeko Etxahun pastoralean parte hartu nuen eta 1990ean ikastolako pastoralean. Battitt Urrüti orduko pastoral errejenta ezagutu nuen. Hasi nintzen kanpoko elkarteetan lan egiten: Uhaitza-n, eta ere Zuberoako dantzetaz ardüratzen den 16 herriko dantza talde juntatzen dituen Aitzindariak elkartean, bai eta ikastolan. 2002an Lauburu ikusgarria sortu ginuen Barkoxeko gazteekin. Ondotik, 2006an, Aitzindariak elkartearekin Zuberoako dantza talde guziekin Aitzina Pika ikusgarria eman ginuen Zuberoan, kostaldean, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Etxahun kultur elkarteko burua naiz eta badu orai 20 urte dantza erakasten ari naizela. Sortu ditugu bizpahiru jai, pastoralaren, Zuberoako dantzen eta mitologiaren inguruan.

Barkoxtarren dinamika
Barkoxek 800 bizizale ditu eta gazte saldo ederra bada. 2002an 20-25 urtez peko 100 bat gazte bazen herrian. Euskal kultura, bereziki Xiberoko dantza, maskarada, pastorala, beti azkar izan da hemen. XX. Mendean, munduko bi gerlen artean, kasik urte oroz maskarada antolatzen zuten. Gazteek beti entzun dute etxekoetarik, aitañi-amañiren ganik ''''Gu ari güntian dantzan. Ontsa zen. Gauza horiek ez dituzüe utzi behar''''.

Martxe Eihartzet
Izan dira ere gogo azkarreko erakasle indartsuak. Ez dut nik ezagutu baina bat aipatuko dut, Martxe Eihartzet. Harek zion 1953an Etxahun Iruriri galdegin pastoral baten izkiribatzea, Barkoxeko Etxahuni buruz izan zena. Dantzari eta dantza erakasle zen, errejent pastoraletan eta maskaradetan. Bere aztaparra orain ere senditzen dugu. Haren ondotik izan da Germain Lechardoy eta Jean-Fabien Lechardoy. Nik Jean-Fabienekin ikasi dut dantzan eta bera da aurtengo pastoraleko errejenta. Horiei esker da transmizioa egin eta fede hori azkar batu.

Ama hizkuntza berriz ikasi
Nik euskara ama hizkuntza nuen. Gero haur denboran, oso bazter utzi dut, debekatua baitzen eskolan eta familian aita-amek ez baitzuten bortxatzen mintzatzea. Dantzan eta jaietan parte hartzen hasi nintzelarik, ohartu niz huts handi bat banuela ez banuen mintzatzen. Berriz hasi niz ikasten 18 urtetan. Kurtsoak hartu ditut gau-eskoletan jakiteko idazten, zinez inportantea atzemaiten bainuen euskara baliatzea.

Euskal kulturaren bidez euskalduntzea
Herri batean pastoral bat antolatzen delarik, orok parte hartu nahi dute. Ohartu dira euskara mintzatu gabe bertso bat ikasten ahal zutela eta oholtza gainean emaiten ahal zutela. Utzi ditugu horren egiten zeren gure kultura ez badugu zabaltzen hiltzera joanen baita. Gero gure egungo lana da jende horiei konpreniaraztea indar bat egin behar dutela euskara ulertzeko eta elkibideak badirela ikasteko. Eta aurten hemen euskara ikasi nahi dutenei laguntza eskaini dugu gau-eskoletan ibil diten. Urrats sinplea, ttipia, arizale horiei ulertarazteko euskal kultura ez dela bizitzen ahal euskararik gabe. Hori ez da enetako posible. Eta gazteak ohartzen dira, bereziki maskaradetan, buhame edo kautera kargu batean predikua egiteko euskara ontsa menperatu behar dela. Kulturak erakusten die gazteei heien nekeziak mintzaira aldetik.

Pastoralaren gaia
Ez dut pentsatzen pastoralen arauak direla gauza gogorrenak. Enetzat gogorrena gai baten atzemaitea da, aberats dena idazlearendako, bai eta jokolariei plazer emaiteko. Nik xantza ukan dut zeren ene herriari loturik gaiak beti atzeman baititut, lehen pastoralean 1998an Etxahun, Ithurburu eta Beñat Mardo aipatu baititut eta aldi huntan Attuli. Eta zerbeit idazteko, behar dut azkarki senditu.

Alexis Etchecopar ''Attuli'' (1924-2005)
Attuli zendu da duela 5 urte. Ontsa ezagutu dut. Gazte denboran lehenik, ene ama haren auzo baitzen eta haur nintzelarik osabaren gana joaten bainintzen, gero kantore idazle bezala. Hor elgarren ezagutza egin dugu. Galdegiten nizkion kantoreak idaztea dantza eskolarekin antolatzen ginituen jaiendako.

Attuliren kontseilua
Lehen pastorala idatzi nuelarik, galdegin nion zer pentsatzen zuen ene testuaz herritarrei proposatu aitzin. Hilabete baten buruan, goiz batez etxera etorri zen eta erran zautan: ''''Patrick irakurtu diat. Sinple duk, ikusten diat fedea badiala. Burdina bero deno behar dik jo! Ordian aitzina jo zak!''''.

Harreman bereziak ukan ditut harekin. Zendu delarik, familiak ez baitzuen haren kantore herexik, erran nien entseiatuko nintzela haren kantore bilduma baten egitea. Ber denboran herriko historia maite baitut, munduko bigarren gerlako gertakarien ikertzen arizan niz. Pixkanaka ohartu niz pasta bazela pastoral baten idazteko eta gehitu ditut Martxe Eihartzet, Germain Lechardoy, Lohidoi eta Etxahun Iruri.

Pastoralaren antolaketa
Barkoxen ohidura bat badugu, hamabi urteetarik izan dira pastoralak. Zerengatik? Ez dakit baina pentsatzen dut badela nahikunde azkar bat hola erregularki arra-hasteko, ez idazlearen baitan bakarrik baina hemengo bizizaleen baitan.&' || 'nbsp;Antolaketa mailan pizu da, denak bolondresak baitira, eta aldi berean sinple, nahikundea baita. Pastoralak jai bezala bere erritoak baditu, antolakuntza sailak ere bai.

Giza-harremanen sustatzaile
Pastoralaren bidez, ohartzen niz gazteen eta gehituen artean, gizon-emazteen artean, ororen artean, alkartazün zinez aberatsa badela herri batean, gure bizi moduan kasik ez baitugu harremanik. Orai interneten bidez bizitzen ahal zira etxean eta lehen auzoa ez duzu ezagutzen. Pastoralean denak juntatzen dira xinaurritegi batean bezala.

Ez dut sekula entzun pastoral bat ez zela eder edo gaizki zenik. Sekulan. Arrangura sortzen balu, segur ez litaikela bizituko. Baikor da gizarte mailan, jendeen harremanen sortzeko, kultura ezagutzeko orokorki eta mintzaira sustengatzeko. Hortako bizi da eta azkar.

Hiru aldiz, aitzinetik erreserbatuz
Aurten kanbiamen bat bada. Aitzinetik erreserbatu behar da (etxahun.org internet gune an besteak beste) 2.300 lekura mugatua baita ikusgarri bakoitza. Hiru aldiz emana izanen da Barkoxen uztailaren 25ean egunez, 31n gauez eta agorrilaren 8an egunez.