Itxi

Artea

Antzerkia Gasteizen

'Sexos' eta 'Ser o no ser', uda honetan Principal Antzokian

Erredakzioa

Pepon Nieto, Adriana Ozores, Anabel Alonso eta Amparo Larrañaga dira izen nagusienetako batzuk datozen hilabeteotako programazioan. Uztailaren 12tik 17ra bitartean jazz musika izango da Gasteizen.

Antzerkia da nagusi uda sasoirako Principal Antzokiak antolatu duen programan. Abuztuan Sexos eta Ser o no ser lan arrakastatsuak izango ditugu Arabako hiriburuan.

Abuztuaren 6an eta 7an, Pepon Nieto, Adriana Ozores, Federico Caleada, Neus Sanz eta Anabel Alonso igoko dira taula gainera, Sexos antzezlanarekin. Helduentzako lana da hau, eta bikote barruan sortu ohi diren sexu egoerak ditu hizpide. Maite Berrocal Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziak jakitera eman duenez, ''''arrakasta handia lortu du lanak'''' Madrilgo La Latina antzokian. Sarreren prezioa 24 eta 8 euro bitartekoa izango da.

Ser o no ser antzezlana, bestalde, abuztuaren 4an eta 5ean iritsiko da Gasteizera. Alvaro Lavinek zuzenduta, Amparo Larrañaga eta Jose Luis Gil aktoreak ditu protagonista. Komedia tonuan, Bigarren Mundu Gerran Varsovian girotutako espioitza istorioa kontatzen digu. Kasu honetan ere, 24 eta 8 euro bitartekoa izango da prezioa.

Musika
Jazz del Siglo XXI izeneko jaialdiarekin ekingo diote aurtengo udako programazioari. Uztailaren 12tik 17ra bitartean, Maurice Brown, Iñaki Salvador, Helio Alves edo Julian Lage Group musikarien doinuak izango dira entzungai. Sarrerek 12 euroko prezioa izango dute, eta antzokiko leihatilan bertan izango dira salgai.