Artea
Albaceteko Bienala
Bi euskaldunen obra Estatuko bienal garrantzitsuenetako batean ikusgai
eitb.eus
Koldo Etxebarriaren eta Luis Miguel Gomezen bi lan aukeratu ditu Albaceteko Arte Plastikoen Biurtekoko epaimahai entzutetsuak.
-
Koldo Etxebarriaren "Poetics of Human Space"
Bi euskal artistaren lana erakusgai jarri dute irailaren 30era arte Albaceteko Arte Plastikoen XII. Bienalean. Nazioartean oso ezaguna da azoka, eta Estatuko esanguratsuenetakoa da, gainera.
Koldo Etxebarriak "Poetics of Human Space" obra eramango du, eta Luis Miguel Gomezek, berriz, "Sueño filosófico en el jardín de Leonardo Da Vinci".
Etxebarriak "gizakiaren eremu metafisikoaren inguruko gogoeta" proposatu du, "Chirico eta Morandiren eskola metafisiko italiarraren bidea jarraituta".
Gomezen esanetan, berriz, "arteari eta artearen historiaren iraganari buruzko hausnarketa berria" da berea, "Leonardo Da Vinciren zenbait lan ardatz hartuta".
Luis Miguel Gomezen "Sueño filosófico en el jardín de Leonardo Da Vinci"
300 proposamen inguru aurkeztu diren arren, Albaceteko Bienalak 30 lan hautatu ditu edizio honetarako.
Epaimahaiari dagokionez, honako hauek dira epaimahaikideak: Antonio Lopez margolaria; Guillermo Solana Thyssen Museoko zuzendaria; Julio Lopez Hernandez eskultorea, eta Luis Mayo Madrilgo Unibertsitate Autonomoko margolaria eta irakaslea.