Artea
Larunbat honetan
Dantzazale Eguna ospatuko dute Durangon Aiko Taldearen emanaldiarekin
Erredakzioa
Plateruena Kafe Antzokian 14:00etatik aurrera izango da hitzordua. 'Urraska' izenburuko lana aurkeztuko du Aiko Taldeak. Honez gain, herri bazkariak eta erromeria batek eguna alaituko dute.
Dantzazale Eguna hartuko du Durangok larunbat honetan, ekainaren 12an. Honen harira, Aiko Taldeak euskal folkloreari buruzko azken lana aurkeztuko du. Durangoko Kafe Antzokia izango da aurtengo Dantzazale Egunaren topagunea. Aiko Taldearen emanaldiaz aparte, euskal folkloreari eta dantzei buruzko tailerrak eta ikastaroak jarriko dira martxan. Gainera, erromeria batek giroa berotuko du. Ondoren, herri bazkari batean bilduko dira dantzazale guztiak. Ekitaldietan parte hartzeko izena eman behar da Aiko Taldearen webgunean.
Jauziak euskal dantza tradizionalari buruzko ikerketa dokumentala eta diskografikoa jasotzen duen lana dugu Urraska. Dantzen transkripzioek, partiturek, pausen gidek eta grabazioek osatzen dute Aiko Taldearen CD bikoitz hau. Euskal folklorearen gai zehatz honen inguruak egin den ikerketa lanik sakonena da. Gainera, AEBetako Nevadako Unibertsitateak lana argitaratuko du. Larunbat honetan Plateruenako eszenatokian 26 jauziak dantzatuko dira estreinekoz.
Euskal musika eta dantza tradizionalaren munduan esperientzia duten musikariek osatzen dute Aiko Taldea. Urraska Aikoren 5. musika lana da. 2009. urtean, Aurrez aurre emanaldia aukeztu zuten, Maritzuli Konpainiarekin batera sortutako saioa. Lehenago, Dantzak argitaratu zuten, Euskal Herriko dantzen inguruko lana.