Itxi

Artea

Erakusketa

Ken Jacobs, hirudimentsiokotasuna aztertzen Guggenheimen

Agentziak | Erredakzioa

Estatubatuar artistak Lumiere anaien jatorrizko filmazio baten gainean sortu du bere lan berria, azaroaren 19ra arte ikusgai egongo dena.

Ken Jacobs newyorktar artistak, AEBko zinema esperimentalaren erreferente argienetako batek, hirudimentsiokotasunak ikuslearen begiradan duen eragina aztertu du “Gonbidatuak” (The guests, 2013) Bilboko Guggenheim museoak gaurdanik ikusgai duen lanean.

74 minutuko lanaren oinarria da Lumiere anaiek, zinemaren asmatzaileek, 1886an beraietako baten alabaren ezkontza zela eta egindako jatorrizko grabazioa.

Zinema adituen laudorioak ugari jaso dituen filma ikusteko, ikusleak 3D-ko irudiak ikusteko betaurreko batzuk jarri behar ditu. Beroriek proiekzio aretoko sarreran banatuko dituzte.

Ken Jacobs egileak berak aurkeztu du lana, goizean emandako prentsaurrekoan, eta, bertan azaldu duenez, 17 urte zituela margolaritza ikasketa abiatu zituen, Han Hoffmanen, eskutik, baina laster utzi zion formakuntzari, ez baitzuen bere burua gai ikusten AEBn XX. mendeko 50. hamarkadan indarrean ziren joerei jarraitzeko, eta zinemagintzan murgildu zen.

Jacobsen hitzetan, “Gonbidatuak” azaroaren 19ra arte ikusgai egongo den lana “kontraesanez gainezka dago”, “zoramen hutsa da” eta ez du uste jendeak inoiz parekorik ikusi duenik.