Itxi

Artea

Bilbo

Eduardo Arroyo eta Arcimboldo, Bilboko Arte Ederren Museoan

Agentziak | Erredakzioa

Pablo Picassoren obra gonbidatu bat eta Eduardo Arroyo eta Giuseseppe Arcimboldo pintoreen erakusketak izango dira museoak udaren ostean egingo dituen apustu nagusiak.

  • "Udaberria" izango da Giuseppe Arcimboldoren erakusketan ikusi ahalko den lanetako bat.

    "Udaberria" izango da Giuseppe Arcimboldoren erakusketan ikusi ahalko den lanetako bat

Eduardo Arroyo eta Giuseppe Acrimboldo pintoreak eta Pablo Picassoren obra gonbidatu bat izango dira protagonistak Bilboko Arte Ederren Museoan, udazken-neguetako denboraldian.

Hori iragarri du gaur Miguel Zugaza Bilboko zentroko zuzendariak kazetariekin egin duen solasaldi batean. Han, gainera, museoa handitzearen alde agertu da; izan ere, "ez dago toki nahikorik" egun 3.000 lanek osatzen duten bilduma propioa erakusteko.

Irailaren 19an hasiko dute udazken-neguetako denboraldia Bilboko museoan "Femme assise dans un fauteuil (Dora)" Pablo Picassoren (1881-1973) 1938ko koadro kubista erakusgai jarriz, museoaren “obra gonbidatua” beste bilduma publiko zein pribatuetako lan azpimarragarriak erakusten dituen programaren barruan.

Urriaren 16an, FIG Bilbon egiten duten Grabatuaren Nazioarteko Jaialdiaren barruan, “Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako kolorezko grabatua” erakusketa jarriko dute ikusgai.

Jarraian, azaroaren 8tik aurrera, Espainiako bildumetan dauden Giuseppe Arcimboldo (1526-1593) XVI. mendeko milandar pintorearen lanak erakutsiko dituzte. Artearen historiako sortzaile bakanetakoa izan zen Arcimboldo, eta Europako mugimendu surrealistarentzat inspirazio iturri izan zen.

Halaber, azaroaren 30ean, erakusketa handi bat prestatuko dute Eduardo Arroyoren (Madril, 1937), Espainiako Estatuan XX. mendearen bigarren erdialdean gehien nabarmendu den artistetako baten, lan berrienekin.

Gainera, Javier Viar museoaren zuzendari ohiaren gidaritzapean egindako Euskal Herriko Artearen Historia baten lehen bi aleak kaleratuko dituzte.

Handitzea, “konpondu gabeko gaia”

Museoa handitzeari buruz, Zugazak esan du “konpondu gabeko gaia” dela hori, eta aurre egitearen alde agertu da. “Horren inguruan hausnarrean” daudela argitu du, eta abisatu du gai hori ez dagokiola zuzendariari soilik, ezpada Museoaren Patronatuan parte hartzen duten erakunde publiko guztiei: Udala, Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.

Arte Ederren Museoak erabiltzen duen aurrekontuari (8 milioi euro inguru) dagokionez, Zugazak esan du “oso estua” dela, eta gehitu du “handitu egin behar da, nola Museoaren errekurtsoen mailan hala erakundeen ekarpenei dagokienez”.