Itxi

Artea

Sakamantekas

Erakusketa batek Sakamantekasen garaia gogoratuko du Gasteizen

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Juan Diaz de Garayo, Sakamantekas izenez ezaguna, XIX mendean Gasteizen 13 eta 55 urte bitarteko sei emakume hil eta bortxatu zituen serie-hiltzailea izan zen.

  • Erakusketak Gasteizko hiltzailearen kasua errepasatzen du atxiloketaren momentutik. Argazkia: EiTB

    Erakusketak Gasteizko hiltzailearen kasua errepasatzen du atxiloketaren momentutik. Argazkia: EiTB

Antso Jakituna Fundazioaren egoitzak “Sakamantekasen garaiko Gasteiz. Hiri baten autopsia” erakusketa hartuko du abenduaren 1era arte, atxilotu baino lehen sei emakume hil zituen XIX. mendeko kriminal horren kasua gogoratzeko.

Erakusketak Gasteizko hiltzaile famatuaren kasua errepasatzen du, atxilotu zuten unetik hasita, eta horren krimenek izan zuten hedapena eta prozesu judiziala, kartzelaldia eta heriotza zigorra azaltzen ditu. Bestalde, XIX. mendearen amaieran hirian utzitako ondorioak islatuko ditu, maila handiko intelektual ugari zeudenean, gerra, epidemia, gose eta pobretasun garaia erabat gaindituta ez egon arren.

Testuinguru horretan, Juan Diaz de Garayo Ruiz de Argandoña agertu zen, Sakamantekas izenez ezagunagoa, Estatuko serie-hiltzaile ospetsuenetariko bat bihurtu zena sei emakume hil eta bortxatzeagatik, horietako lau prostitutak, 13 eta 55 urte bitartekoak.

Erakusketa Sans Soleil Irudiaren Ikastegiak diseinatu du eta Zakatumba Gasteizko Heriotzaren Kulturaren Jaialdiaren bigarren edizioaren baitan egin dute. Horretarako, Antso Jakituna Fundazioaren funtsetako bibliografia zabala erabili da, eta baita Gasteizko Udal Artxiboko eta Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegiko argazki ugari ere.

“Erreakzio publikoak, fabulek, fenomenoaren ikerketa zientifikoak aldaketa garaian ohiturak eta pentsamoldeak ulertzen laguntzen duten publikazio, lekukotasun eta dokumentu grafikoak utzi dituzte”, esan du Sans Soleilko zuzendarikide Ander Gondrak erakusketaren aurkezpenean.

“Erakusketaren gaia ezohikoa da, gutxi erabiltzen da deserosoa delako, baina oso interesgarria da krimenaren aurreko jokaerari buruzko galderak, dudak eta hobekuntzak sortzen zituen hiriaren irudia osatzeko”, gaineratu du.