Itxi

Artea

GUGGENHEIM

Guggenheim museoak Artea eta espazioa erakusketa hartuko du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Erakusketak, Eduardo Chillida artista euskaldunak eta Martin Heidegger filosofo alemaniarrak gauzatutako lankidetza du abiapuntu.

  • Guggenheim Bilbao Museoa. Daniel Rodriguez

    Guggenheim Bilbao Museoa. Daniel Rodriguez

Guggenheim Bilbao Museoak abenduaren 5etik 2018ko apirilera arte Artea eta espazioa erakusketa hartuko du. Manuel Cirauquik komisariatu du, eta Eduardo Chillida euskal artistak eta Martin Heidegger filosofo alemanak 1969. urtean izandako lankidetza du abiapuntu.

Museoak esan duenez, Heideggerren eta Chillidaren arteko elkarrizketan agertu ziren kontzeptuak gaurkotu eta garatze aldera, erakusketan nazioarteko artisten ehun lanetik gora jarri dituzte, azken sei hamarkadetako abstrakzioaren historia aztertzeko aukera emateko.

Museoak bere XX. Urteurrena ospatzen duen urtean, Artea eta espazioa erakusketan “Frank Gehryren eraikinak bere espazio hunkigarrien eta garai modernoko eta garaikideko obren arteko elkarrizketa paregabeak lortzeko duen ahalmena” goraipatzen da.

Guggenheim Bilbao Museoaren bildumako obrak erabiliz, eta nazioarteko bildumetako beste pieza garrantzitsu batzuk gaineratuta, erakusketa “artearen bidez lekua eta arkitektura ospatzeko” osatu dute, arte modernoaren zentroak esan duenez.

HEIDEGGER

Artea eta espazioa erakusketak “artelanak espazioaz jabetzeko eta espazioak artelana zeharkatzeko modu ezberdinak” ikusteko aukera ematen du, Heideggerri jarraituz.

Erakusketak espazioen eta bolumenen arteko elkarrizketa aztertu nahi du “artelanen eta horiek egituratzen dituzten indarren (grabitatea, argitasuna, oreka) arteko elkarrizketa isilak esploratuz, baina baita sormen plastikoaren eta pentsamendu filosofikoaren artekoak ere”.

“Historikoki eta geografikoki konplexua izan den elkarrizketa hori mendebaldeko testuingurutik haratago doa eta diziplinak zeharkatzen ditu, gaur egungo praktiketan etengabe agertuz”, esan du.

Erakusketarekin batera, irudi askorekin jantzitako katalogo bat argitaratuko da, eta artista hauek lagundu dute beren testuekin eta dokumentuekin osatzen: Peter Halley, Marcius Galan, Agnieszka Kurant, Asier Mendizabal, Bruce Nauman, Damián Ortega, Alyson Shotz, Lee Ufan eta Zarina; Sara Nadal-Melsió idazle eta filosofoa eta Manuel Cirauqui erakusketaren komisarioa.