Artea
Jaialdia
Arte esperimentala MEM jaialdiaren eskutik
Erredakzioa
Bilbo eta Gasteizen egiten ari diren Nazioarteko Arte Esperimentalen Jaialdia datorren abenduak 4 amaituko da.
Natalie Moring, Jackie-O Mother Fucker taldean aritutako musikariak, eman zion hasiera MEM jaialdiari. Azaroak 1 bilboko Burton tabernan aritu zen Weyes Blood izen artistikoarekin. Ordutik, Bilbo eta Gasteizen egiten ari diren jaialdiak proposamen berritzaileak ekarriko dizkigu artearen esparru ezberdinetan.
Datozen egunetan esaterako, Lydia Lunch edo FM Einheit bezalako artistak ikusteko aukera egongo da. Gainera, jaialdia agurtuko duen afari gastronomiko bat ere egingo dute.
Azaroak 19, Lydia Lunch bilboko BBK aretoan izango da. Sick with desire ikuskizuna aurkeztuko du, bideoa, argazkilaritza, paisaia sonoroak eta zuzeneko musika nahastuaz. Nick Cave edo Sonic Youth bezalako taldeekin aritu izan den artista Adrián de Alfonsorekin taularatuko da.
Egun bat beranduago, azaroak 20, FM Einheit-en txanda izango da. Einstürzende Neubaten taldean aritutako musikaria Zu talde italiarreko Massimo Pupillo kidearekin arituko da. Ladrilu, altzari, metalezko xafla eta mailuen laguntza izango dute bere ikuskizuna sortzeko.
Programazioa betetzeko emanaldi ugari egongo dira, kontzertuak (Eten, Paniks, The Long Boards, Ya te Digo), erakusketak (Victor Aparicio), topaketak (Alberto González Vazquez eta Begoña Vicario), tailerrak (robotak sortzeko tailer bat egingo dute) eta MEM afaria (Apecetche eta Alberto Lomas-en eskutik), besteak beste.