Artea
Akrobazioa emanaldia
'Balagan' zirko-ikuskizunak amaiera emango dio Arriagan 2010 urteari
Erredakzioa
Abenduaren 28tik 30era bitartean, ia 30 artistek taularatuko duten zirko-saio hau hartuko du antzoki bilbotarrak.
Balagan izeneko zirko-ikuskizunak Bilboko Arriaga Antzokiko 2010eko egitaraua itxiko du hilaren amaieran. Abenduaren 28tik 30era bitartean, ia 30 artistek taularatuko dute akrobazia sinestezinez jositako bidaia. Oholtza gainean AEBetatik, Errusiatik, Ukraniatik, Txinatik eta Britainia Haunditik datozen akrobatak, gimnastak, trapezistak, malabaristak, pailazoak eta dantzariak ikusiko ditugu. Haien artean, Mikhail Chebotarev nabarmendu dezakegu. Aire-akrobata honek zetazko oihal uhintsu baten gainean hegan egingo du.
Mikhail Misha Matorin zirko artista handiaren eskutik datorkigu Balagan. "Cirque du Soleilen handitasuna antzoki baten intimitatera" eramatea du helburu ikuskizun honek. Balagan ikuskizuna trilogiaren lehen zatia da: M Baroia du protagonista eta bere oroimen eta desirek bizia hartuko dute ordu eta erdiko ikuskizunean. Bi saio egunero eskainiko dituzte Arriaga Antzokian: abenduaren 28an, 29an eta 30ean, 17:30ean eta 20:30ean.