Itxi

Artea

Bilbon

'El lago de los cisnes' balleta, Arriaga Antzokiaren izotz-pistan

Erredakzioa

The Imperial Ice Stars konpainiaren eskutik, 'La Cenicienta' ikuskizuna ere hartuko du antzoki bilbotarrak. 25 patinatzaile txapeldun arituko dira, Gabonak bitartean, eszenatoki izoztuaren gainean.

Bilboko Arriaga Antzokia izotz-pista bihurtuko da Gabonetan, tankera guztietako publikoari zuzendutako bi ballet eskaintzeko: El lago de los cisnes eta La Cenicienta. The Imperial Ice Stars konpainiaren eskutik, 25 patinatzaile txapeldun bilduko dituzte ikuskizun hauek. Bi istorio hauek, izotzaren gainean, estreinekoz antzeztuko dituzte Estatuan.

El lago de los cisnes ostiral honetan estreinatuko dute, hilaren 17an, eta ordutegi desberdinetan eskainiko dituzte abenduaren 19ra arte. Tchaikovsky maisuaren musika duen maitagarrien ipuin honek maila olinpikoko patinajea erakutsiko du, tartean, itzulipurdi hirukoitzak eta abiadura handiko igoera ikusgarriak.

Ballet honi agurra eman ondoren, La Cenicienta lanaren txanda izango da. Abenduaren 21ean estreinatuko dute eta hilaren 22an, 23an eta 26an izango da ikusgai. Dekorazio arranditsua eta paisai ederrak ditu ballet honek. Gainera, luxuz apaindutako jantziak eta espreski sortutako arropak jantziko dituzte artistek. Musika klasikoan adituak diren Tim Duncan eta Edward Barnwell musikariek landu dute musika.

Patinen gaineko txapeldunak

Izotzen gaineko antzezlanetan espezializatuta dago The Imperial Ice Stars konpainia. Tony Mercerek zuzenduta, mundu mailako lehiaketetan 250 domina lortu dituzten 25 patinatzaile bilduko dira izotzaren gainean. 14 tona izotz eta 2.700 litro ur erabiliko dituzte pista prestatzeko. Gainera, aurretik inoiz egin ez diren patinaje-mugimenduak ikusiko ditugu eszenatokian, eta hain dira konplexuak non oraindik ere ez baitute izenik.