Artea
Programazioa
Sei erakusketa berri, 2011n, Bilboko Arte Eder Museoan
Erredakzioa
Erdi Aroko emakumearen irudia aztertzen duen bilduma, Kolonbiako arte prehispanikoa biltzen duen erakusketa eta Antonio Lopez margolari madrildarraren antologia izango dira, besteak beste.
Bilboko Arte Eder museoak sei erakusketa berri hartuko ditu 2011n. Horien artean aipagarri ditugu emakumearen paperak Erdia Aroan jasandako aldaketaren inguruko bilduma, Kolonbiako arte prehispanikoko piezak biltzen duen erakusketa (2.500 urte baino gehiagoko artelanak daude tartean) eta Antonio Lopez Madrilgo margolari errealistaren atzera begirakoa. Azken hau Madrilgo Thyssen-Bornemisza museoarekin elkarlanean sortu da.
''Gehiago dago zugan. Emakumeari buruzko irudiak erdi aroan'' bilduma otsailaren 7an irekiko dute. Objektu artistikoen bilduma zabal eta anitza da, betiere irudi edo eszena femeninoak jasotzen dituzten gaiak erakusten dituena. Modu horretan, XIII. mendetik XV. mendera bitarteko arteak emakumeari buruzko ikonografiari egin dizkion ekarpenak aztertuko dira. Gertakari artistikotik abiatuta, ikonografia horrek Erdi Aroko gizartean zeukan funtzioa baloratzeko eta denbora-tarte horretan izan zuen bilakaera aztertzeko aukera izango dugu.
Ekainean ''Urre sakratua. Kolonbiako arte prehispanikoa'' bilduma irekiko dute. Guztira 253 pieza jasoko dituzte bertan, denak ere Bogotako (Kolonbia) Errepublikako Bankuaren Urrearen Museokoak. Urrezko, zeramikazko eta material litikozko objektuak izango ditugu ikusgai: interes antropologiko eta historikoagatik aukeratutako maskarak, bularrekoak, lepokoak eta besokoak. Objektuetako batzuek 2.500 urte baino gehiago dituzte.
2011 bukaeran Antonio Lopez Madrilgo margolari errealistaren antologia hartuko du Bilboko Arte Eder museoak. Thyssen-Bornemisza museoarekin elkarlanean sortu dute bilduma, eta 100 marrazki, olio-pintura eta eskultura bilduko ditu. Guillermo Solana historialariak egin du hautaketa, eta margolariaren ibilbide berrikusiko du, ''''ikuspuntu ezberdinetatik''''.
Erakusketa gehiago
Euskal artea ere izango da ikusgai, datorren urtean, Arte Ederren museoan. Daniel Tamayo artista bilbotarrak 2000 eta 2010 urte bitartean sortutako 20 margolan bilduko dituzte ''Alegiak'' erakusketan. Tamaina handi eta ertaineko lanak dira. Pop art estiloaren eta egungo artearen adierazgarri dugun Luis Gordillo artista espainiarraren eragina ageri da Tamayoren lanetan.
Matta artista txiletarra ere izango da Arte Ederren museoan. Formatu handiko 32 margolan erakutsiko ditu, bere lanari errepasoa egiteko.
Argazkigintzak ere tokia izango du 2011ko egitarauan. Museoaren arduradunek New Topographics: Photographs of a Man-Altered Landscape erakusketa berreskuratu dute. New Yorkeko George Eastman Housek antolatu zuen bilduma hau, 1975ean, eta Estatu Batuetako bederatzi argazkilariren lana biltzen da bertan.
Bederatzigarren urtez jarraian, ''Obra Gonbidatua'' programaren barnean lau margolan hartuko dituzte Bilboko museoaren hormek. Juan de Arrellanoren Bodegón con flores; William Turneren Rough Sea with Wreckage; René Magritten La Belle Societé eta Anselm Kieferren Sefer Hechaloth margolanak izango dira aurtengo lan gonbidatuak