Itxi

Artea

Bilbon

OLBEren 'Jostailuen kutxa' obrak hasiera emango dio Arriagan 2011ri

Erredakzioa

Umeei zuzendutako saio honekin batera, BOSeren emanaldia, Fiorenza Cedolins sopranoren kontzertua eta Jesus Guridiren 'El Caserio' zarzuela izango ditugu ikusgai hilabete honetan.

Umeei zuzendutako ikuskizunak hasiera eman dio 2011ri Bilboko Arriaga Antzokian: Jostailuen kutxa obra, OLBEren eskutik datorkiguna eta aktore eta txontxongiloak protagonistak dituena. Etcétera konpainiak ekoiztuta, egurrezko soldaduren, trapuzko panpinaren eta Polichinelaren arteko amodiozko istorioa du mintzagai antzezlanak.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS) hari-emanaldi bat eskainiko du. Bertan 3 pieza interpretatuko dituzte: Astor Piazzolla argentinarraren 4 Tango hari-triorako, Michel Nyman ingelesaren Hari kuartetoa, 1.zk eta Philip Glass estatubatuarraren Hari kuartetoa, 3. zk., Mishima. Urtarrilaren 9an izango da hitzordua.

Jesus Guridiren El Caserio zarzuela klasikoaren muntai berria ekarriko du estreinekoz Arriaga Antzokiak. Miquel Ortegak zuzenduta, Rossini Abesbatzak eta Bilbao Philarmonia orkestrak jarriko diote musika. Urtarrilaren 23, 25, 26, 28 eta 29an emanaldi bana eskainiko dute.

Urtarrileko egitarauari amaiera borobila emango dio Fiorenza Cedolins soprano italiarrak. 1996. urtean Luciano Pavarotti Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen Cedolinsek eta ordutik, eszenatoki ospetsuenetan aritu da, zuzendarien batuta ezagunenekin.