Artea
Ekitaldia
Nazioarteko 'B Awards' diseinu jaialdia egingo dute Bilbon
Erredakzioa
30 proiektu lehiatuko dira martxoaren 23tik 25era Alhondiga Bilbaon, ekimenaren lehen edizioan.
Martxoaren 23tik 25era, B Awards diseinu jaialdiaren lehen edizioa egingo dute Bilbon. Proiektu honek bertoko diseinuaren eszena indartu nahi du, eta nazioarteko hainbat agente gonbidatu dituzte horretarako. Ikastaro, lehiaketa, hitzaldi eta erakusketek osatuko dute programazioa.
Guztira 30 proiektu aukeratu dituzte Nazioarteko Diseinu Lehiaketan parte hartzeko. Martxoaren 23an Alhondiga Bilbaon egingo duten ekitaldian jakinaraziko dituzte Glocal Design (nazioarteko maila) eta Local Design (maila lokala) sarien irabazleak.
AHO Oslo School of Arquitecture Design, KoLding Designskole, Nus National University of Singapore, Harvard University Graduate School Of Design eta Hong Kong Polytechnic University unibertsitateetako ikasleak EHUko ikasleekin batera arituko dira proiektuak partekatzen.
Unibertsitate bakoitzak atal bakoitzeko proiektu bat aurkeztuko du, 30 guztira, eta bi sari nagusi egongo dira: 10.000 euro aurkeztutako lan onenarentzat eta 5.000 euro euskal diseinu onenarentzat. Gainera, atal bakoitzean 6.000 euroko bekak banatuko dira praktikak Bizkaiko enpresetan egin ahal izateko.
Ander Ugarte, Marta Lopez, Jaime Castillo, Juan Sabada eta Begoña Mendel aukeratu dituzte euskal diseinua ordezkatzeko.
Jaialdia hiriko hainbat gunetara iritsiko da, ekitaldi asko antolatu baitituzte programazioa osatzeko.