Artea
'Dantza bultzatuz'
Bost udalerri gehiago, Dantza Garaikidearen VII. Zirkuituan
Erredakzioa
Guztira 17 udalerrik eskainiko dituzte gutxienez hiru dantza ikuskizun urtean. Hainbat hip-hop eta breakdance proposamen ere izango ditugu ikusgai.
Dulantzi (Araba), Barakaldo, Arrigorriaga eta Gernika (Bizkaia) eta Tolosa (Gipuzkoa) dira proiektuarekin bat egin duten bost udalerriak. Guztira 17 udalerritan eskainiko dituzte gutxienez hiru dantza ikuskizun urtean, eta udal eszenatokietan izango dira hitzorduok. Sarean Udal Antzokien Sareak antolatzen du ekimena urtero, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin batera. Helburua dantza eskaintza zabaltzea da.
VII. edizio honetako programan dantza tradizionala eta dantza garaikidea uztartuko dira, eta publiko gazteena erakartzeko ikuskizunak ere taularatuko dituzte.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Jinjo Crew Koreako taldearen hip-hop ikuskizuna izango da Elorrion, apirilaren 10ean. 2011n jaio zen taldean Seulen, eta talde berritzaileenetako bat dugu mundu mailan. Traslate ikuskizuna ekarriko dute geurera. Kale kulturarekin lotutako dantza eskaintza Papiro...Flexia ikuskizunarekin osatutako da. Circle of trust Zaragozako breakdance taldea Eibarren izango da, dantzarien koreografiak Logela Multimedia taldekoen bideosormen lanekin uztartzeko. Maiatzaren 3an dugu hitzordua.
Euskal dantza munduan eskarmentu handiko konpainien ikuskizunak ere programatu dituzte; ezin falta, beraz, Kukai, Aukeran, Organik, Ertza, Argia, La Intrusa eta Elirale taldekoen proposamenak. Banakako koreografiak lekua izango du, Ion Munduate eta Olatz de Andres artistekin.
Estatuko hainbat talde ikusteko aukera ere egongo da, tartean Nats Nuts katalanak, Granadako Da.Te Danza taldea eta Aracaladanza madrildarrak.