Itxi

Artea

Interbentzio artistikoa

Gernikako zerua, Berlin gainean

Natxo Velez | eitb.eus

Michael Klant alemaniar artista eta argazkilariak interbentzio artistiko bat prestatzen dihardu Bizkaiko udalerriko eta Alemaniako hiriburuko zeruak batzeko. Berarekin hitz egin dugu.

1:21
Gernikako zeru zati bat eramango dute Berlinera apirilaren 26an .

Zerua, mihise urdinaren gainean aldez edo moldez zipriztindutako hodeien irudia, askatasunaren ikur izan da giza iruditerian, ortzia ezein mugak zedarritu ezinezko lurralde amaigabea denez. Orokorkeriaren altzoan, baina, ahaztu egiten dugu zerutik etortzen direla, gisa berean, naturaren arriskuak edo, Sirian, Gazan, Yemenen eta –duela ia 82 urte– Gernikan, mehatxu militarrak.

Hausnarketa hori abiapuntu hartuta, Michael Klant alemaniar artista eta argazkilaria, Kondor Legioko kide izatera behartu zuten gizon baten semea, Gernikako eta Berlingo zeruak lotzeko proiektu artistiko bat garatzen ari da Berlinen, besteak beste Maitane Azurmendi eta Angela Lopez gernikarren laguntzarekin.

Lobak elkarteko bi kideok Berlinen izan dira egunotan (gaur bertan dira Euskal Herrira itzultzekoak), Klantekin batera beren jaioterriko zerua marrazten: “Duela hilabete iritsi zitzaigun proposamena, Lobaken eskutik, eta berehala esan genuen baietz. Oso proiektu indartsua iruditzen zaigu”, esan digute bertatik.

Angela Lopez eta Maitane Azurmendi gernikarrak, Gernikako zerua margotzen

Apirilaren 26an, Francoren estatu kolpe faxistaren fabore Kondor Legio alemaniarraren hegazkinek Gernika bonbaz suntsitu eta 82 urtera, pankarta batean Gernikako zerua irudikatuta eramango duen hegazkin bat Berlingo zeruan hegaldatuko da, hodei guztien gainetik bi hiriak batuta.

Klantek azaldu digunez, hiru adarrek egin dute bat egitasmoan. “Batetik, XX. mendeko koadro garrantzitsuenetako bat da, Picassoren Gernika. Bestetik, harreman sakon bat daukat Espainiako Gerra Zibilarekin, nire aita Kondor Legioko kidea izan baitzen, eta etxean beti izan da eztabaida horren gainean. Azkenik, hogei urte nituela, hegazkinetan pankartak erabiltzen hasi nintzen artelan gisa. Duela urte erdi, hiru elementu horiek nahasten hasi nintzen”.

Michael Klant, Berlinen lanean

Joan-etorrikoa izango da, gainera, Klanten ekimen artistikoa, eta irailaren 21ean, Bakearen Nazioarteko Egunean, gauza bera egingo dute Gernikan: Berlingo zeruari ateratako argazki baten marrazkiak Bizkaiko hiribilduko zeruarekin bat egingo du.

Nola Alemaniako hiriburuan hala Bizkaiko udalerrian suntsidura eta herra ekarri zuen zeru-alde hori bera elkartasun keinuaren agertoki izango da, beraz, hainbat urte geroago. Gogora dezagun, nolanahi den, oraindik ez dagoela denean zerura beldur barik begiratzerik.