Artea
Irailaren 11ra arte
Daskalopoulosen bilduma pribatua, Guggenheim Bilbao museoan
Erredakzioa
'Bitarte argitsua: The D. Daskalopoulos Collection' arte garaikideko bilduma pribatu zabalenetako bat da, 30 artisten 60 artelan biltzen baititu.
Bitarte argitsua: The D. Daskalopoulos Collection Daskalopoulosen jabetzako lehen eskala handiko erakusketa publikoa da, hain zuzen, munduko bilduma pribatu zabalenetako batena. Bilboko Guggenheim museoan da ikusgai, irailaren 11ra bitartean.
Juan Ignacio Vidarte Guggenheim museoko zuzendariarentzat ''''momentu historikoa bizi du'''' Bilboko espazioak erakusketa honekin.
31 artistaren 58 lan bildu dituzte bertan, askotariko baliabidez eginak; hala ere, leku berezia dute eskulturek eta instalazioek. 1980ko eta 1990eko hamarkadetako lanak jasotzen dira oinarri bezala, eta azken urteotako artean izan diren aurrerabideak azaltzen dituzte. Besteak beste, Louise Bourgeois, Robert Gober, Mike Kelley, Martin Kippenberger, Paul McCarthy eta Annette Messager artista bikainen lanak daude ikusgai. Era berean, Bilbora ekarri dituzte talentu gazteagoen proiektuak ere, hala nola, Paul Chanenak, Guyton Walkerenak, Nate Lowmanenak eta Wangechi Muturenak.
NikosKazantzakis greziar filosofoaren idatzi batean oinarrituta dago bilduma honen izena. Filosofoarentzat ''''bitarte argitsua'''' zen bizitza, eta borroka eta desintegrazioa beharrezkotzat jotzen zituen, sormena eta berpizkunde bultzatzeko.
Nancy Spector erakusketako arduradunak azaldu duenez, bilduma honek agerian uzten duena da ''''heriotza saihestezina dela jakitun izanda bizi behar dugula''''. Artistek bizitza definitzen dituzten kontzeptu kontrajarriak artelanetara eraman dituzte, Spectorrek azaldu duenez.
Are gehiago: bilduma honetako artelanak hartzeko galeriei izen bereziak ere jarri zaizkie, Spectorrek azaldutako kontraesan horiek agerian uzteko: ''''Barrualdea eta kanpoaldea'''', ''''Haustea eta eraldatzea'''' eta ''''Banakotasuna eta kolektibitatea'''', besteak beste.
Areto oso bat hartzen dituzten instalazioak D. Daskalopoulos Collectionen bereizgarriak dira. Hala, erakusketa honetan eskala handiko artelan ugari dago, esaterako, Thomas Hirschhornen Kobazulogizakia (Cavemanman, 2002) lana, material xumeekin egin zuen katakonba, eta John Bocken Palms (2007), baliabide anitzezko paisaia misteriotsua.