Itxi

Artea

Eskultura

Oteiza Museoak Arantzazuko estatuariaren inguruko erakusketa ireki du

eitb.eus

“Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969” 200 piezako erakusketak bi egoitza izango ditu, Altzuzako museoa eta Gandiaga Topagunea, Oñatiko santutegian.

  • Oteiza eta Arantzazuko estatuaria

    "Oteiza eta Arantzazuko estatuaria" erakusketak 200 pieza aurkeztuko ditu

Jorge Oteizak Arantzazuko basilikako fatxadarako gauzatu zuen eskulturako esku-hartzea, estetika erlijiosoak XX. mendean izan zuen berrikuntzaren ikurretakoa, aztergai izango dute gaurtik, ekainak 19, aurrera artistari Altzuzan (Nafarroa) eskainitako museoan eta Gipuzkoako santutegiko Gandiaga Topagunean.

“Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969” artistak egin zuen obra publikorik garrantzitsuenari begiratzen dio, eskultorearen esku-hartzea amaitu eta 50 urtera eta lan horri lotutako 200 piezatik gora erakusten ditu, inoiz erakutsi gabeak horietako asko eta asko.

Erakusketaren sustatzaileak Jorge Oteiza Fundazio Museoa, Arantzazu Gaur Fundazioa eta Arantzazuko Frantziskotarrak dira, eta bi egoitza izango ditu, Oteiza Museoa (2019ko ekainak 19–urriak 27) eta Arantzazu Gaur Fundazioaren egoitza, Gandiaga Topagunea (2019ko ekainak 28–urriak 27). 

Erakusketak arte prozesuaren bilakaera aztertzen du, garapen horrek izandako etapak zehazki, eta igeltsuz egindako 200 eskultura-estudio erakusten ditu, horietako gehienak inoiz erakutsi gabeak. Estatuariaren garapenaren bitartez, “artistaren bilaketa kontzeptual eta sinbolikoak uler ditzakegu, haren eskulturak izandako eboluzioa”, Oteiza Museoak azaldu duenez.  

"Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969" honek sakon aztertzen du proiektuaren bilakaera, arkitektura alderdiarekin izan zuen loturarekin batera, eta ez du ahazten eskultoreak 1969an obra instalatzea lortu zuen arte instalazioa eragotzi zuten debekuak.

Proiektuko komisarioa Elena Martin da, Oteiza Museoko kontserbatzailea, erakusketaren diseinua Javier Baldak egin du, eta Oteizak grabatutako irudi originaletatik abiaturik Xabier Erkizia artistak berariaz prestatutako soinuzko esku-hartzea ere izango da.