Itxi

Artea

Moda

Balenciaga Museoak jostunaren ia 100 lan erakutsiko ditu

Erredakzioa

Fabiola Belgikako erreginaren eztei-jantzia eta Grace Kellyren hainbat soineko erakutsiko ditu, besteak beste. Inaugurazio ofiziala hilaren 7an izango da, eta ekainaren 10ean irekiko dute.

Cristobal Balenciaga Getariako jostun handiak badu museoa jada. Duela 10 urte eman ziren proiektua gauzatzeko lehen urratsak eta, oztopo asko gainditu ostean, bukatuta dago Cristobal Balenciaga Museoa. Getarian jaiotako diseinatzailearen lana sustatu, hedatu eta bultzatzeko helburua du museoak, eta hilaren 9an egingo dute inaugurazio ofiziala. Hala ere, ekainaren 10ean irekiko dute, eta, egun horretatik aurrera, jostun handiaren 90 soineko eta osagarri izango dira bertan ikusgai.

Balenciagaren maisutasuna ezagutzeko lekua izan nahi du museoak, jostunaren jantziak bezala, ''''funtzionala eta erosoa''''. Munduan jostun bati eskainita eta ezaugarri horiekin egindako lehen museoa da Getariakoa. Aldamar parkean dago, eta bi eraikin ditu. Lehenengoa, Aldamar Jauregia bera, XIX. mendeko eraikina eta Casa Torreseko markes-markesen udako etxea; bigarrena, berriz, eraikin berria da. Jauregi historikoari eraikin berria erantsi diote eta hiru espazio sortu dituzte, horrela: bisitariari eskainitako espazio zentrala, espazio didaktikoa eta administrazio-espazioa.

Museo barruan 90 pieza biltzen dituen erakusketa iraunkorra izango da ikusgai, jantzi eta osagarriak bilduta. Balentziaga Fundazioak guztira 1.200 pieza ditu, baina horietatik 90 izango dira ikusgai erakusketan. Urtean behin aldatzen joango dira bilduma, jantziak ongi kontserbatze aldera.

Balenziagaren hastapenetatik abiatuta, modan ospea lortu zuen arte jostunak egindako ibilbidea bere jantzien bidez ezagutzeko aukera izango dugu.&' || 'nbsp; Izan ere, bilduma iraunkor horretan, eguneko jantziak, koktelerako jantziak, gaueko soinekoak eta ezkon-jantziak jarriko dituzte ikusgai, tartean Europako aristokraziarentzat egindako hainbat lan, eta kulturaren eta politikaren pertsona garrantzitsuen soinekoak ere: Belgikako Fabiola erreginaren eztei-jantzia, Grace Kellyren hainbat soineko eta Monna Bismarcken, Rachel Mellonen eta Mr. Hubert de Givenchyren bilduma pertsonalak izango dira bertan. Balentziagak egindako jantzirik zaharrena ere izango da ikusgai: 1912an lehengusina bati egin ziona.

Museoa 30 miloi euro kostatu da, Espainiako Kultura Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak eta Getariako Udalak bultzatuta.

Inaugurazio ofiziala ekainaren 7an egingo da, Espainiako erregina buru dela. Denontzat ateak zabaldu aurretik, hala ere, getariarrentzat bakarrik irekiko da, hilaren 9an.