Artea
Guggenheim Bilbao Museoa
3.500.000 euroan erosi du Guggenheimek Anish Kapoorren eskultura
Erredakzioa
Bilboko museoak 'Zuhaitz garaia eta begia' eskultura erosi du. Aldi baterako sei erakusketa eta Bilduma Iraunkorraren aurkezpen bat izango dira 2012ko programazioa.
Aldi baterako sei erakusketa eta Bilduma Iraunkorraren aurkezpen bat, 2012rako
Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua ostegun honetan bildu da, lehenengoz 2011n. Batzarrean, 2010eko jarduneko kontuak onartu dira, eta 2012ko behin-behineko arte-programazioa aztertu dute. Aldi baterako sei erakusketa eta Bilduma Iraunkorraren aurkezpen bat izango dira datorren urtean.
Urte hasieran, arte garaikideko 4.450 lanek osatzen duten bilduma ekarriko dute. 1980ko hamarkadako nazioarteko lanekin batera, ikus-entzunezkoak ere izango dira ikusgai, oinarrian irudiz, soinuz eta argiz egindako lanak.
Udaberrian, ''David Hockney: ikuspegi zabalago bat'' erakusketa jarriko dute; artista britainiarraren azken sei urteetako 150 bat lan izango dira ikusgaibertan. Gehienak tamaina handikoak dira, eta Yorkshire inguruko paisaia dute iturri. Sasoi berean irekiko dute ''Pierre Bonnard'' erakusketa. 60 bat
lanek Bonnarden mundua hurbilduko diete ikusleei.
Udan, ''Zeru eta lur artean'' Cristina García Roderoren heldutasuneko lanei eskainitako erakusketa izango da Bilbon. Ehun bat argazkik jasoko dute artistaren bilakaera.
Udazkenean, aldi baterako bi erakusketa gehiago izango dira: ''Bauhaus: bizitza da artea'' erakusketak aditzera emango du diziplina askoko eskola horrek arte munduan izandako eragina (artearen historiaren eta modernotasunaren bidea aldatu eta ideien laborategi bat izan zela agerian geratuko da bilduma honekin. Era berean, ''Claes Oldenburg'' erakustaldia ere izango dugu Bilbon. Antologia bat izango da, eta egungo artearen bilakaeran eragin handia izan duen artista horrek 1960ko eta 1970eko hamarkadetan egindako lanak izango ditu oinarri.
''Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak III'' Bilduma Iraunkorreko aurkezpena irailean iritsiko da. 2009 eta 2012 artean gauzatu beharreko erakusketa-zikloaren hirugarrena izango da aurtengoa. Ziklo horrek Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma du oinarri, eta oraingo honetan 1980ko eta 1990eko hamarkadetako artean sakonduko du: garai horretan, AEBetako eta Europako artistek, 1960ko hamarkadan jardunean hasitakoek, artearen inguruan eztabaida ugari izan zituzten.