Itxi

Artea

'Sei mila milioi mundu'

Euskal gizartearen mosaiko bat sortu dute EITBk eta San Telmo Museoak

Redacción

Hainbat euskal udalerritan ibili da ETBko ekipo bat, '6 mila milioi beste' erakusketako galderak bertako biztanleei egiten. Lan berri hau ETBn eta San Telmo Museoan izango da ikusgai.

Egun Donostiako San Telmo Museoan ikusgai dugun ''6 mila milioi Beste'' erakusketa oinarri hartuta, ''Sei mila milioi mundu'' bideo proiektua sortu dute EITBk eta San Telmo Museoak. Euskal gizartearen mosaiko erraldoi bat da aurkeztu berri den proiektu hau.

Apirilean ireki zuten Donostian ''6 mila milioi Beste'' erakusketa, eta galdera berei erantzun dieten planeta osoko lagunen testigantzak biltzen ditu. Izuaren, amodioaren, ametsen eta beste hainbat gairen inguruan galdetu diete mundu osoko 5.600 pertsonari baino gehiagori. 6 erreportarik 50 hizkuntzatan egindako testigantzak grabatu dituzte, 78 herrialdetan, eta, guztira, 5 urtez egon dira filmaketak egiten. GoodPlanet fundazioak bultzatutako proiektua da, eta Yann Arthus-Bertrand argazkilari eta zuzendari frantziarra izan du buru.

Lan hori oinarri hartuta, ''Sei mila milioi mundu'' proiektua sortu dute EITBk eta San Telmok. Euskal Telebistako lan talde batek 40 galdera bilduma hori hartu eta euskal herritarrengana jo du erantzunen bila. Grabaketak eta posprodukzioa ''6 mila milioi Beste'' erakusketako bideoen parametroak mantenduz egin dituzte.

70 pertsona inguru elkarrizketatu ditu ETBko lantaldeak. Horietatik, %50 gizonezkoak eta %50 emakumezkoak izan dira, adin eskailera zabalekoak eta gizarte maila ezberdinetakoak. Besteak beste, udalerri hauetan ibili dira: Iruñea, Biarritz, Donibane-Garazi, Donostia, Tolosa, Itsasondo, Beasain, Arrasate, Urretxu, Ondarroa, Bilbo, Gasteiz, Gallarta, Durango, Algorta, Leioa, Mungia,Errenteria, Gordexola eta Zarautz.

Euskal Telebistak lana emitituko du, eta San Telmon ere egongo da ikusgai, egun bertan dagoen erakusketaren osagarri. Dena den, ETBk egindako grabaketa lana, museoan jarriko dena baino zabalagoa da.