Artea
Donostia
Tabakalerak arte garaikidearen presentzia handituko du
eitb.eus
Erakusketa areto berri bat jarri eta hiru esku hartze publiko antolatu ditu zentroak. 2020ko programazioaren ardatzak zibernetika, bideo jokoak eta zinema hedatua izango dira.
-
"Kuboa" Julio Le Parcen lana paratuko dute Tabakaleran
Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Donostiako Zentroak erakusketa areto berri bat irekiko du, Lau Pareta izenekoa, arte garaikideko programa berriak gorputza har dezan.
Zentroaren lehen solairuan dago, erakusketa areto nagusiaren ondoan, eta espazio berriak erakusketa nagusiaren osagarri diren erakusketa proposamenak hartuko ditu.
Bestalde, arte garaikidea zentroko bisitariei gerturatzeko asmoz eta proposamenak ohiko esparrutik kanpo erakusteko xedearekin, hiru esku hartze garrantzitsuk (Kuboa, Espirala eta Scala) eraikineko espazio publikoa aktibatuko dute.
Erakusketa hauek hartuko ditu Tabakalerak: Pobrearen zibernetika: tutorialak, ariketak eta partiturak, martxoaren 6tik abuztuaren 31ra, erakusketa aretoan; Bideo-jokoak. Play without end, martxoaren 20tik abuztuaren 31ra, Lau Pareta erakusketa areto berrian; Zinema Ex. Abstrakziotik algoritmora, erakusketa aretoan, irailaren 11tik 2021eko urtarrilaren 12ra, hogeiko hamarkadako abangoardiako zinemaren, hirurogeiko hamarkadatik laurogeiko hamarkadara bitarteko lehen konputagailuen eta bideoartearen arteko konbinazioa aztertuko duena; eta Chris Kraus: Pelikulak lehen eta gero, epe berean, Lau Paretan, zeinak Krausen lan filmiko osoa aurkezten baitu.