Itxi

Artea

Antzerkia eta musika

'Avenue Q', 'Chicago' eta 'La cena de los idiotas', Gasteizen

Erredakzioa

Musikalek, umoreak, antzerki alternatiboak eta jazzak osatzen dute udako eskaintza Gasteizen. Antzerki alternatiboa jorratuko duen Intacto jaialdiaren lehengo edizioa egingo dute aurten.

Ostegun honetan ekingo diote udako denboraldiari Gasteizeko Antzoki Sarean. Guztira 15 antzerki eta musika ikuskizun izango dira ikusgai, tartean musikalak, umorezkoak, antzerki alternatiboak eta jazz emanaldiak. Besteak beste, Avenue Q, Chicago, La cena de los idiotas eta Tócala otra vez Sam ikuskizunak izango dira Arabako hiriburuan datozen hilabeteotan.

Aurtengo berrikuntzetako batekin hasiko da udako denboraldia: Intacto jaialdia. ''''Antzerki alternatiboa, zaindua, hunkigarria eta intimistaren aldeko apustua'''' da ekimena, eta dantza, antzerkia eta performance-ak ekarriko ditu Printzipal Antzokira.

Jaialdi honen baitan, Días pasan cosas, Sevillako Guillermo Wieckert Danza konpainiaren ikuskizuna; A short history of crying, Sanja Mitrovic zuzendari serbiarraren lana; eta Growing old with you, Search Party talde britainiarraren proposamena, izango dira ikusgai.

Uztailean, XXI. mendeko jazza zikloan, sei kontzertu eskainiko dituzte etorkizun handiko jazz musikariek: Michel Portal, David Binney Quartet, Alfredo Rodriguez Trio, Fred Hersch eta Jeremy Pelt Quintet izango dira Gasteizen, José Guereñu Guere eta Louis Marini musikariekin batera.

Alerta Naranja Producciones taldearen Cotillas lanak jarriko du umorea uda honetan, Gorka Aguinagalde eta Iñigo Salinero Txaflas bertako bi komiko ezagunekin.

Musikala ere ez da faltako hilabete hauetan. Uztailaren 28tik 31ra arte Chicago lana izango da ikusgai, eta, Andre Maria Zuriaren jaietan, Avenue Q musikala taularatuko dute. ''''Sesame Street'''' saio arrakastatsuan oinarritutako helduentzako ikuskizuna da Avenue Q, eta abuztuaren 3tik 5era izango da Gasteizen.

Luis Merlo eta María Barranco protagonista dituen Tócala otra vez Sam abuztuaren 6an eta 7an izango da Gasteizen, eta La cena de los idiotas lan ezaguna abuztuaren 8an eta 9an taularatuko dute Josema Yuste, Agustín Jiménez eta Félix Álvarez Felixuco aktoreek.