Itxi

Artea

'Stars of Ballet'

Ballet munduko nazioarteko izarrak, Guggenheim Bilbao museoan

Erredakzioa

Abuztuaren 2an, New York City Ballet taldeko izar handiak izango ditugu Bilbon, tartean Tom Gold dantzaria. Sarrerak salgai daude.

Abuztuaren 2an, Stars of Ballet dantza ikuskizuna hartuko du Guggenheim Bilbao museoko entzunaretoak. New York City Ballet taldeko dantzariak izango dira taula gainean, tartean Tom Gold dantzari eta koreografo handia. Nazioarte mailan izen handiko artista da Gold, eta New York City Ballet taldean bakarlari gisa aritu da azken 21 urteotan.

Bost piezako programa izango da ikusgai Guggenheim museoan. Nuevo ballet ikuskizunak irekiko du egitaraua, Tom Golden koreografiarekin eta Mozarten musikarekin. Jarraian, Stephen Hanna eta Sara Mearns dantzariak izango dira agertokian, George Balanchine-ren Intxaur-hauskailua taularatzeko.

Agon pas de tríos Ígor Stravinskiren musika duen pieza izango da hurrengoa, eta Marius Petipa koreografoaren Loti ederra pas de deux ere taularatuko dute. Bederatzi dantzarik itxiko dute abuztuaren 2ko egitaraua, Jared Angle, Likolani Brown, Tom Gold, Amanda Hankes, Stephen Hanna, Russel Janzen, Sara Mearns, Gretchen Smith eta Abi Stafford elkarrekin iznago baitira taula gainean.

Sarreren prezioa 10 eurokoa da (5 euro museoaren lagunentzat), eta salgai daude museoko leihatiletan eta webgunean.