Itxi

Artea

Antzerkia

Luis Tosar Iruñean, 'La ópera de tres centavos' lanarekin

Erredakzioa

Bertolt Brechtek idatzi eta 1928an estreinatu zuten lana taula gainean dugu berriz, oraingoan gaztelaniaz eta galegoz. Hilaren 6an eta 7an izango da ikusgai, Gaiarre Antzokian.

  • Luis Tosar, 'La ópera de tres centavos' ikuskizunaren aurkezpenean. Argazkia: Efe

Astearte eta asteazken honetan, 'La ópera de los tres centavos' ('Die Dreigroschenoper') musikala taularatuko du Luis Tosar aktoreak Iruñeko Gaiarre Antzokian.

Bertolt Brecht alemaniarrak idatzi zuen lanari Kurt Weillek jarri zion musika, eta 1928an estreinatu zuten. Oraingoan Galiziako Antzerki Zentroak eraman du lana berriz taula gainera, eta, Galiziatik kanpo egingo duten birari ekiteko testuak gaztelaniara egokitu badituzte ere, abestiak galegoz izango dira entzungai, azpitituluekin.

Viktoriar garaiko Londresen kokatzen da istorioa, depresio ekonomikoa jasaten duen gizarte batean, eta bidelapurren munduan. Luis Tosarrekin batera, honako hauek izango dira taula gainean: Marcos Orsi, Cesar Goldi, Alba Messa, Víctor Mosqueira, Monica de Nut, Marta Pazos, Francisco Perez 'Narf', Muriel Sanchez, Begoña Santalices eta Sergio Zearreta.

Tosarrek prentsaurrekoan azaldu duenez, ''urteak igaro baldin badira ere, musikalak plazaratzen dituen gatazketako asko egungoak ere badira''. ''Lanak zama ideologiko handia du, baina, festa, kabareta, ironia, autokritika handia eta musika esparru zabala ere eskaintzen digu, lirikotik hasi eta doinu herrikoietaraino'', gaineratu du. Cesar Goldi aktoreak azaldu duenez, ''egun Espainian gertatzen diren gauza asko istorioan islatuta ikusiko ditu publikoak''.

Lana modu ''oportunista'' batean moldatzeko asmorik ez dutela izan azpimarratu du Luis Tosarrek, baina aitortu egin du aldaketaren bat egin dutela: Viktoria erreginaren koroatzea testutik kendu eta Aita Santuaren bisitarekin ordezkatu dute. ''Ez genuen nahita egin, baina Aita Santua etengabe bertan dugunez...'', esan du aktoreak txantxetan.

Emanaldiak hilaren 6an eta 7an izango dira, 20:00etan, eta sarrerak salgai daude 19, 14 eta 8 euroan.