Itxi

Artea

Erakusketa ibiltariak

Hiru sortzaileren lanak Bizkaiko lau udalerritan, Bostekori esker

Arrigorriagan, Basaurian, Getxon eta Leioan izango dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak Arrigorriaga, Basauri, Getxo eta Leioako udalekin batera antolaturiko Bosteko 11 erakusketa ibiltariak Elssie Ansareo, Mabi Revuelta eta Eduardo Sourrouille sortzaileel lanaka eramango ditu aipatu lau udalerrietara.

Elssie Ansareo (Mexiko, 1979), Mabi Revuelta (Bilbo, 1967) eta Eduardo Sourrouille (Basauri, 1970) sortzaileak "oso ezberdinak"  dira, baina erakusketa honetan elkartu egin dira, niaren  irudikapenarekin nahiz nia gorputz-hizkuntzaren bidez -dantza, eskultura bilakatzen den norberaren gorputza eta argazkigintza- adierazteko moduekin zerikusia duen lanaren inguruan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua den Miren Josune  Ariztondok eta Arrigorriaga, Getxo, Leioa eta Basauriko udaletako  ordezkariak aurkeztu dute gaur Bilbon Bosteko 11 erakusketa.  Erakusketa gaur inauguratuko da Arrigorriagako Kultur Etxeko erakusketa aretoan, eta ondoren, abenduaren amaierara arte, erakusketa antolatu duten udalerrietan egongo da, hots, Getxo, Leioa eta Basaurin.

Bostekoren hamalaugarren edizioa izango da. 1998an sortu zen,  Bizkaiko hainbat udalerritan arte bisual garaikideen erakusketen  programazioa sustatzeko eta euskal artistei mesede egin eta  laguntzeko. Urte hauetan, guztira 47 euskal artistaren erakusketak  egin dira.

Erakusketa ibiltariaren helburua, Bizkaian izena lortu duten  euskal artista plastikoen lana hedatu eta ezagutzea da. Bizkaiko lau udalerriren artean koordinatutako erakusketa da, eta hiru artistaren  lana erakusten du, norberaren estiloaren erakusgarri diren hiru edo  lau artelanekin.

Aurtengo edizioan, zehazki, gaurtik urriaren 7ra arte izango da  erakusketak Arrigorriagan, urriaren 10etik 31ra Getxoko Torrene  aretoan, azaroaren 3tik abenduaren 4ra Leioako Kultur Leioan, eta abenduaren 6tik 31ra Basauriko Ariz Dorrean.

Erakusketaren zabalkundeari dagokionez, doako katalogo baten 600 ale argitaratu dira. Erakusgai dauden artelanen kolorezko argazkiak dakartza, eta artisten biografiak ere bai, erakusketako komisarioa den Itxaso Mendiluzek idatziak.

Bosteko 11ren irudi grafikoaren diseinua Iñaki Alvarez (Galdakao, 1960) artista eta diseinugilearen produkzio esklusiboa da. Erakusketaren katalogoaren diseinuak aurreko urteetako jarraibideei eutsi die. Gaur-gaurko irudia hartzen du, baina aurkezten diren artistak kontuan hartuta egindako aldaketa batzuekin. Dena dela, formatu eta tamaina berberak erabili dira, arte garaikideari buruzko liburuen bilduma bat edukien aldetik egitura berberarekin sortzeko.

Artistak

Elssie Ansareo Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko  Unibertsitatean (EHU). Bere azken erakusketak Leongo Cubo Azul  galerian (2010), Gasteizko Montehermoso Kulturunean (2006) eta  Andoaingo Bastero erakusketa aretoan (2008) egin ditu.

Bestalde, beste artista batzuekin batera erakusketa hauetan hartu  du parte: "Chacun son got", Guggenheim Bilbao Museoan (2007); Arte  Plastikoen X. Unicaja Sariketa, Malagan (2006); ALBIAC, Arte  Garaikideko Nazioarteko I. Biurtekoan, Almeria (2006).

Mabi Revuelta Bilbon jaio zen 1967an; Arte Ederrak ikasi zituen  Euskal Herriko Unibertsitatean, eta 1990an lortu zuen lizentzia.  Harrezkero lana modu profesional eta erregularrean izan du ikusgai  galerietan, arte zentroetan, azoketan eta museoetan, estatuan zein  nazioartean.

Azkenik, Eduardo Sourrouille Basaurin jaio zen 1979an. Arte  Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Azken  urteetan Valentziako eta Mexikoko Luis Adelantado Galerian izan da, Bilboko Marzana Galerian, Genevako Krisal Galerian, edota Gasteizko  Artium Museoan, besteak beste. Horrez gain, azoketan ere ikusgai izan  da, esaterako Maco, Madrid Foto, Arco eta abar. Sourrouilleren obra hainbat bildumatan dago, esaterako Artium Museoan, Bilboko Arte Eder  Museoan, Kantabriako Gobernuan edo Gizarte Gaietarako Ministerioan.