Itxi

Artea

Elkarrizketa

Serge Larzabal: 'Arrantzaren etorkizunaren giltza transmisioa da'

EKE

Lekuko Baionako Itsas Arrantzaren Batzordeko presidentea da Larzabal. Itsasturiak, EKEk Donibane Lohitzunen antolatu duen erakusketari buruz ari zaigu.

  • Serge Larzabal. Argazkia: Instituto Cultural Vasco / Euskal Kultur Erakundea

    Serge Larzabal. Argazkia: Instituto Cultural Vasco / Euskal Kultur Erakundea

Serge Larzabal (1962, Donibane Lohizune, Lapurdi) Baionako Lekuko Itsas Arrantzen Batzordeko lehendakaria da. Euskal Kultur Erakundeak Donibane Lohizunen aurkezten duen Itsasturiak erakusketa ibiltariaz anitz igurikatzen du: transmisio eta komunikazio tresna, arrantzale ofizioa baloratzeko, honek irudi ezkorrean preso izateko usaia hartu baitu azkenaldian.

Kontaiguzu zure haurtzaroko arrantza…
Arrantzale seme naiz, gure aitak ontzia baitzuen: ttikitatik, itsas munduan murgildurik nago. Hala ere, eskolara igortzen gintuzten, burasoek ez baitzuten baitezpada nahi guk etorkizuna arrantzarekin lotzea… Eskolako ibilbide arras klasikoa segitu dut, puntan elektromekanika BEP bat ateraz. Baina hamalau urte bete orduko, udak itsasoan iragaten nituen, arrantzan. Armadaren ondotik, lanketa nenbilela, aitaren ontzian hasi, eta hamaika urtez egon naiz han, kostako arrantzan arituz, gehienik legatza amuz harrapatzen… Gogoan dut, hasi nintzelarik, hegaluzea seskarekin arrantzatzen genuela, baina ez zuen luzaz iraun.

Zendako burasoek ez zaituzte hastapenetik arrantzara buruz bideratu?
Denetan berdin dela iruditzen zait: buraso delarik, haurrek ikasketak ahal bezain urrun eramatea nahi izaten da. Baina ez nintzen biziki trebea eskolan, franko alferra ere bai, menturaz… Aitak galdegin didalarik harekin itsasora joatea, lanean aritzeko, arrantzarentzat zer sentitzen nuen ulertua zuela pentsu dut. Ofizio horretan, badira une batzuk besteak baino goxoagoak, baina dolurik ez dut, arrantzale izateaz harro nintzen.

Aitak erran ote dizu, garaian, zutaz harro zela?
Aitaren belaunaldian, pudore anitz bazen. Ez dit sekulan deus deklaratu argiki, baina egia errateko, ez nuen horren beharrik: hamaika urtez egunero harekin ibili naiz arrantza ontzi batean eta banekien, bere jarreraz, bere begiradaz, halako harrotasuna bazuela niregan. Arrantza utzi dudalarik ere, Lekuko Itsas Arrantzen Batzordeko lehendakaritza hartzeko, berdin kontent zela iruditzen zait. Hasteko, sekulan ez dit oztoporik ezarri bidean, nahiz eta bere ontziko segida hartu beharra nuen. Hori zizelkatua zen, alta.

Itsasoa falta zaizu?
Gelditu berrian, bai, lehen bi urteetan. Baina ez nintzateke hemen izanen azken hogeita bat urteetan, egiten dudana maite ez banu! Kargu horri lotzean, hiru urte baizik ez nituen bete beharrak… Itsasoa ez zait falta, baina ez dezaket berdin erran itsas munduarentzat: profesionalak egunero gurutzatzen ditut, Atlantikoko portu gehienetan. Asti pixka bat izanez ere, portu batean ibiltzeko beharra badut. Emaztea desesperatua dut!

Itsasturiak erakusketa, nola ikusten duzu?
Euskal Kultur Erakundea proiektua erakusten izan zaigularik, berehala bat egin dugu (ndlr : erakusketak Arrantzarako Europako Fondoaren diru-laguntza ukan du). Horren beharra bagenuen hemen, publikoak, gazteek eta barnealdeko jendeak, arrantzaren mundua guti ezagutzen baitu. Pirinioetako bestaldean gertatzen den kontrakoa, han arrantza denek ezagutzen baitute.

Nolaz da halako ezberdintasuna?
Ez dakit. Kulturala da, menturaz… Hemen, arrantzaleak zinez portuan bizi ziren, eta komunikazioaren garrantzia ez zuten sesitzen. Dena ongi doalarik, lanean aritzen da, isilik… Zoritxarrez, arrantza une zailenetan baizik ez da aipatua. Ingurumenaren kulturak eta irudiaren garrantziak eztanda egin dute gaur egun, eta arrantzak komunikatzeko beharra badu. Erakusketa horren helburu bat ere bada.

Erakusketan zer harrapatzeko xedea duzu?
Ezagutu ditudan arrantzaleen lekukotasunak, arrantzaren beste garai bat… Ikusi zer zen ongi, zer ez zen hain ongi, ikasgaiak atera orainerako eta gerorako.

Zer aldatu da, arrantzan?

Araudia. Betebeharrak, Europa… Itsasoaren erdian izan gaitezke, ontzi batean, baina arrantzari izatea ez da jada askatasun ofizioa, duela hogei bat urte ezagutu genuen bezala. Arauak gero eta azkarragoak dira, kuotak, ingurumena… Guri ere interesatzen zaigu ingurumena, uraren kalitateagatik besterik ez bada ere. Gaiztoa izanen naiz baina, Pariseko burges bohemio batzuek halako bokazio bat atzeman dute, besteak beste, WWF eta Greenpeace erakundeetan, ingurumenaren alde egiteko. Instituzio horiek beharrezkoak dira, baina ez da ahantzi behar azkenean arrantzaleek beren ofizioaren bermea baizik ez dutela izanen.

Gure partetik gehiegikeriak izan direla ez dut gordeko, baina edozein eginik ere, beti harrapari eta txikitzaile bezala aurkeztuak gara. Parean, medio ikaragarriak dituzte mezua zabaltzeko, eta gu gara beti gaiztoak, nahiz eta arrantza jasangarriaren aldekoak garen eta horren alde lan handia egin dugun. Ofizio horretatik bizi diren gizakiak badira, eta ez dezagun ahantzi beren lana eta itsasoa maite dutela.

Arrantzale horien izpiritua aldatu ote da?
Beharrik! Ingurumenaren kultura ohituretan sartu da, formaziotik hasirik. Baina ez da hori bakarrik. Emaztearen lekua ere aldatzen ari da. Estatutu bat daukate, ordaindua den lanbidea. Bestalde, batzuek arrantzale ofizioa ere hautatzen dute. Salmenta zuzena ere puntu baikorra da; Donibane Lohizunen, gainera, arrain merkatua den tokian, onartua, sostengatua eta baimendua da. Bakan ikusten den gauza dela segurtatzen ahal dut! Puntu ezkorretan, baina hau analisia biziki pertsonala da, erran nezake araudiaren eta kuoten emendioek sekulan ikusi ez dugun indibidualismoa ekarri dutela. Batzuetan, kuotak ontzika ezarriak dira. Jendarte mailako aldaketa ere bada hori, eta arrantza logikoki hunkitua da.

Donibane Lohizuneko portuan, arrantzaren kultura beti hor ote da?
Arrantzaleen arteko elkartasuna hor dago, sendo. Gazteak ere baditugu gure ofizioan, eta horrek bereak salatzen ditu: kulturarik gabe, belaunaldi gaztea ez genuen hunkituko.

Euskara, aldiz, osoki desagertu da, hemen…
Osoki, ez. Kasik, bai. Hiztegi teknikoa euskaraz da oraindik. Baina erabilpena desagertu da. Lau urte nituela, hitzik ez nekien frantsesez. Eskolara heltzean, burasoei erran diete hobe zela niri euskaraz ez mintzatzea, nik berantarik ez hartzeko, omen. Eta galdu dut. Aita-amen hizkuntza zen, arrantzaleena ere bai. Horrelako izpirituarekin, transmisioa ez da segurtatu. Gaurko arrantzale belaunaldian, nehork ez daki euskaraz.

Zer da arrantzaren gerorako giltza?
Arrantzaren etorkizunaren giltza transmisioa da. Bermatzen jakin behar dugu. Gure desafio nagusia da lan egitea transmisioa errazteko. Ofizio zaila da, baina ondarea dugu gibelean. Ez da edozein lanbide, ez da zortzi orenez fabrika batean egotea bezala. Jakitate bat da, eta bizia franko ongi irabazten da. Zentzu horretan dugu arrantzaren alde komunikatu behar, ene gustuko.

Itsasturiak erakusketak zentzurik ez du geroari buruz baizik ez bada itzulia?
Hori da. Nahiz eta gauza anitz iraganean aipatuak diren, erakusketak orainarekin eta geroarekin lotura egin behar du. Batzuk ez doaz besteak gabe. Ez gara gehiago balea ehizaz soilik mintzatzen ahal, adibidez. Gure historia jakin behar badugu, aldakuntza hobea lortzeko izan dadila. Ondareaz aberastu gaitezen. Donibane Lohizune arrantza portua izan da, hala da eta hala izanen da, segur naiz. Iraganaren, orainaren eta geroaren arteko denbora lotura horrek du Itsasturiak bezalako erakusketa baten aberastasuna osatzen.