Itxi

Artea

'Sefer Hechaloth'

Zerura igotzeko bidea, Anselm Kiefer artistaren ikuspegitik

Erredakzioa

'Obra gonbidatua' ekimenaren baitan, Bilboko Arte Ederren Museoan ikusgai da Kieferren lan erraldoia. 4 metro luze eta 2,80 metro zabal da 'Sefer Hechaloth' artelana.

  • Anselm Kiefer artistaren lana, Bilboko Arte Ederren Museoan. Argazkia: Efe

Urtarrilaren 8ra arte, 'Sefer Hechaloth' (2002) Anselm Kiefer artista alemaniarraren lana izango da ikusgai Bilboko Arte Ederren museoan. Jardunean dauden Alemaniako artisten artean entzutetsuenetako bat da Kiefer nazioarte mailan.

Tamaina handiko olio margolana da 'Sefer Hechaloth' (4 metro luze eta 2,80 metro zabal ditu), eta zerura igotzeko mailak irudikatzen ditu. Izan ere, erlijioa da artistaren baliabide eta inspirazio iturri nagusienetako bat. Artelana juduen mistizismoan dago oinarrituta, fededunek Azken Judiziora heldu arte egin behar duten bidean.

Kieferrek erabiltzen dituen mailak erretako liburu eta eskuizkribuak dira. Goialdean 'Mercaba' hitza irakur daiteke, juduen erlijioan espiritualtasun gisa itzul daitekeen kontzeptua. Liburu sakratuen bidez egindako bidearen helmuga da espiritualtasun hori.

Malagako Arte Garaikidearen Zentrotik ekarri dute lana Bilbora, kutxa erraldoi batean. Beste kutxa batean garraiatu dituzte oso hauskorrak diren liburuok. Liburuetako bat apurtuko balitz, beste ale bat erre eta berriz ere mailetan jartzeko agindua eman du artistak. 'Obra gonbidatua' programaren baitan dago lana ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoan.